Albisteak
Atzealdea

Udaltzaingoak Larrialdi egoerari buruz herritarren galderei erantzun die

Udaltzainek herritarrei azalpen eta gomendioak eman dizkie egun dauden mugikortasun neurriei buruz

2020·03·23


Ibarrako Udaltzaingoak COVID-19aren ondorioz dagoen larrialdi egoera honetan herritarren galdera asko jaso ditu. Jarraian, herritar guztien interesekoak izan daitezkeelakoan, guztiei zabaltzen dizkiegu galde-erantzunak. Mugikortasun eta etxetik ateratzeko neurrien inguruan herritarren kezkak argitu dituzte Udaltzainek eta hainbat gomendio eman, mugitzean hartu beharreko neurriez.


Nire gurasoak adinekoak dira. Janaria etxera eraman diezaieket, zerbait behar izanez gero?
Bai, eraman diezaiekezu. Janaria eta erosketak arazorik gabe eraman diezazkiekezu, betiere pertsona bakar batek egin eta eramaten baditu. Era berean, adinez nagusiak diren eta beharra duten bizilagunei ere egin dakieke. Izan gaitezen solidario gure adineko pertsonekin, guztien artean birusa garaitu dezakegu. Lagunduko ditugun pertsona horien agiriren bat bagenu, hobeto.
 

Gazte-lokala (gazteen aisialdi-lokala) erabil dezaket?
Ez, ezin duzu erabili. Ez da larrialdi egoera arautzen duen Errege Dekretuan baimendutako jardueretako bat. Ziur beste plataformetatik txat-ean aritzeko eta digitalki hitz egiteko aukera izango duzula Badakigu egoera ez dela idealena, baina kontua da gu geu eta maite ditugunak (aitona-amonak bereziki) ez kutsatzea. Hau guztia azkar pasako da, ikusiko duzue.
 

Nire autoarekin banatzen aritzen den banatzailea naiz eta jakin nahi dut lanera joan naitekeen.
Bai, bana ditzakezu. Baina eskatzen zaizunean, zure desplazamendua eta ibilbidea justifikatzen duten albaran eta egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzu.


Izaskundik paseatzera atera naiteke?
Ez. Erabilera publikoko bidea da eta hortaz, debekatuta dago bertatik ibiltzea.


Nire baratza zaintzera edo bertan denbora pasatzera joan ninteke?
Ez. Baratzean izan ditzakezun maskota edo hegaztiei jaten ematera joan zintezke. Baina ezin duzu joan eguna pasatzera ez eta beste pertsona batzuekin elkartzera ere. Arduratsuak izan behar dugu eta ekidin behar dugu beste pertsonak arriskuan jartzea.

Lanera bizikletaz joan ninteke?
Bai joan zaitezke, arazorik gabe. Hori bai, gomendagarria da desplazamendua justifikatzen duen egiaztagiriren bat soinean eramatea nahiz eta ez den nahitaezkoa, azalpen koherentea emateaz gain, lagungarri izan daitezke. (Enpresaren ziurtagiria, langile-txartela, eta abar).


Nire elkarte gastronomikora joan ninteke?
Ez, ezin duzu. Ez da larrialdi egoera arautzen duen Errege Dekretuan baimendutako jardueretako bat. Elkartea itxita eta bertan inor ez dagoela egon behar du.


IAT pasatzera joan ninteke?
Ezin duzu. Ez da larrialdi egoera arautzen duen Errege Dekretuan baimendutako jardueretako bat. Baina ez larritu, aipatu dekretuak jasotzen du larrialdiak irauten duen bitartean administrazio-izapide eta epe guztiak bertan behera gelditu direla eta beraz, zure ibilgailua erabili ahal izango duzu. Pandemiatik atera bezain laster, ibilgailu-azterketa egin beharko duzu zigorrik jaso nahi ez baduzu.


Diabetes gaixotasuna dut eta egunero, tarte batez, ibiltzera atera behar dut. Egin dezaket?

Ez, ezin duzu. Ezin duzu etxetik atera paseatzera, elikagaiak, botika-produktuak eta behar-beharrezko produktuak erosteko atera zintezke bakarrik, beraz, desplazamendu horiek baliatu beharko dituzu. Hala eta guztiz ere, ez legoke gaizki patologia hori jasotzen duen mediku-agiri bat soinean eramango bazenu eta agenteei erakutsiko bazenie eskatutakoan.


Zakurra atera daiteke?
Atera dezakezu. Betiere, etxe inguruan egiten baduzu. Ezin da animalia mendira edo sorora paseatzera atera. Era berean, ezin da maskota duten beste pertsonekin solasaldian aritu. Segurtasun-tartea errespetatu behar duzu eta ekidin behar dira jende elkarretaratzeak.


Lanera joan behar badugu, seme-alabak aitona-amonengana eraman ditzakegu?
Eraman ditzakezue. Ahal bada, gurasoetako batek eraman ditzala. Garraio publikoan eramanez gero, errespeta ezazu segurtasun-tartea.

Udal jabegoko parke eta kirol-instalazioetan jolas dezaket?
Ez, ezin duzu. Ez publikoetan ez eta pribatuetan ere. Ohartuko zinen moduan, Udalak udal instalazio eta parke publikoak itxi egin ditu. Bizilagun-komunitateen barruko instalazioen kasuan, beroriek ez erabiltzeko ardura Komunitateko lehendakariarena da. Debekua ez bada betetzen, bertara joan eta ingurunea zigilatu beharko dugu. Guztion artean saihestu behar ditugu jende elkarretaratzeak, ez gaitezen kutsatu


Hilerrira, elizara edo meskita bezalako kultu-aretoetara joan gaitezke?
Kultu-aretoetara eta errito zibil zein erlijiosoetara, hileta-elizkizunak barne, joan ahal izateko, antolakuntza-neurri batzuk hartu behako dira: eremuaren arabera pertsona metaketak ekidin beharko dira, bertaratutakoen artean, gutxienez metro bateko tartea egongo dela bermatuz. Jakinarazten dizuegu Apezpiku-konferentziak bertan behera utzi dituela elizkizunak estatu osoan.


Zakurra ateratzen dudan eremura beste pertsonak ere joaten dira. Zer egin behar dut?
Pertsonekiko segurtasun-tartea mantendu behar duzu. Nahiz eta animaliek ez duten gaixotasuna transmititzen, saia zaitez zuk besteenak ez ukitzen, eta besteek ez dezatela zurea ukitu.


Bertan edo nazio mailan ibiltzen garen komertzialak, batetik bestera mugitu gaitezke?
Mugitu zaitezke baldin eta elikagaiak edo behar-beharrezko produktuk badira. Batetik bestera mugitu ahal izango duzu betiere justifikatzen badituzu bezeroekin hitzartuta dituzun hitzorduak


Ibarran bizi naiz, Beasainen lan egiten dut eta seme txikia aitona-amonen etxera eraman behar dut Tolosara. Egin dezaket?
Egin dezakezu. Baina desplazamendu hauek justifikatu beharko dituzu. Zure lekuan egongo banintz, nik eramango nituzke: Zure bizilekua ziurtatzen duen agiria, enpresaren datuak eta zu bertako langilea zarela azaltzen duen agiria. Aitona-amonen bizitokia ziurtatzen duen agiria, izan daiteke ura, argia edo antzeko ordainagirien bat.
Zenbat eta lekualdaketa justifikatzen duten agiri gehiago eraman, orduan eta hobeto.


Ibilgailuan zenbat lagun joan gaitezke lanera?
Legeak ez du mugatzen pertsona kopurua baina bai beraien arteko distantzia, eta horrek 1 metrokoa izan behar du. Gainera garraio publikoaren erabilera %50 murrizten du. Beraz, orokorrean gidariak bakarrik joan ahal izango du eta ez ohiko egoera moduan, baldin eta distantzia 1 metrokoa baino gehiago baldin bada, beste pertsona bat atzeko eserlekuan gidariaren kontrako aldean.