Albisteak
Atzealdea

San Inazio auzoan hondakinen kudeaketa egokia eskatzeko gutuna banatuko da

Herritarren kexuak direlata, bizikidetzaren aldeko saiakera berri bat da honakoa

2019·10·08


Aurreko astean Azkue auzoan hondakinen kudeaketa egoki baten aldeko saiakera berri bati ekin zitzaion. Herritarrei gutunak bidaltzea izan zen ekimena eta auzotarrengandik jasotako eskaera bati erantzunez burutu zen, hau da, auzotarren eskaera eta  iniziatiba izan da Udalak gutunak bidaltzea eragin duena. Azkue auzoan edukiontzietara sartu gabe zabor poltsa asko uzten dituzte hainbat bizilagunek eta beste bizilagun asko kexu dira bizikidetza eragozten dutelako eta orohar, bizilagunekiko errespetu falta delako. Auzoak txukun edukitzea auzotarren ardura ere bada, eta asmo berarekin, San Inazio auzoan ere gutun banaketa egingo da. Hemen ere auzotarren kexa ugari jaso dira eta auzoaren egoera okerrera ez joateko, herritarren iniziatibari jarraituz, Udalak San Inazioko bizilagunei ere hondakinen kudeaketa egokia egin dezaten eskaera berri bat egingo die. 

Gutunak, batez ere herritarrek hartutako jarrera pasiboa salatzen du eta bizikidetza eta ingurumenarekiko errespetua eskatzen du. Gainera, Udalak, bere esku dauden bitartekoak jartzen ditu herritarren eskura, hala nola, txartela falta duten herritarrei zuzenduta edota behar den informazioa emateko ateak irekita daudela azalduz. 

Ahalegin berri honekin, saiakera berri bat egiten da auzotarren hondakinak ongi kudeatu eta honela auzoak txukun egon daitezen eta ez daitezen puntu beltz bihurtu. San Inazio auzoan, egunero zabor poltsak lurrean uzten dira, horrek dakartzan osasungarritasun- eta garbitasun- ezak kontuan hartu gabe. Eta honekin amaitu beharra dagoela diote bizilagun askok zein Udalak.

Udal Korporazioak 2019ko maiatzaren 8an hiri-hondakin organikoa eta errefusa dagozkien edukiontzietan txartel bidez botatzeko ordutegia zabaldu zuen, proba gisa, arazoari irtenbide emango ziolakoan. Ez da horrela izan, are gehiago, ontzien eta papera/kartoien edukiontziak irekiak daude eta hondakin frakzio horiek ere lurrean uzten dituzte herritar batzuk, nahastutako beste hondakin frakzioekin batera.

Hiri-hondakinen udal ordenantzako 34.3 artikuluaren arabera, arau-hauste oso larria da “edozein hondakin-mota ez-arriskutsu kontrolik gabe utzi, bota edo deuseztatzea” eta 45.000 € bitarteko isuna izan dezake, Toki Erakundeko titularrak hala erabakiz gero.

Beraz, hiri-hondakin guztiak egoki sailkatzea eta bakoitza dagokion edukiontzira botatzea eskatzen da, guztion artean bizikidetza on bat lortze aldera.

Halaber, Ibarrako Udalaren erabateko disposizioa gogorarazi nahi da, jasotzeke edo galduta dauden hiri-hondakinen txartelak emateko; txartel hori oraindik jasotzeke dutenek, Udaletxera gerturatu daitezke jasotzera, eta galdu egin dutenei, berria egingo zaie euro 1en truke.