Albisteak
Atzealdea

Osasun publikoaren aldeko kanpainara batzeko deialdia eskualdeko alkateei

Alegia, Amasa-Villabona eta Ibarrako alkateek eskualdekoei deialdia egin die kanpainara batzeko

2020·02·17


Gaur goizean, Alegia, Amasa-Villabonako eta Ibarrako alkateek prentsaurrekoa eskaini dute, osasungintza publikoaren inguruan.

Duela hiru hamarkada baino gehiago, eskualdea ospitalerik gabe geratzeko arriskua zegoenean, Tolosaldeako alkate guztiak batu eta mobilizatu ziren. 2014an, Tolosaldeako, Andoaingo eta Legorretako alkateek egindako deialdiari erantzunez, milaka lagunek aldarrikatu zuten osasun arreta duina eskubidea dela eta kudeaketa publikoa eta kalitatezkoa dagokigula. Orain ere iruditzen zaigu Tolosaldeako alkateok zilegitasuna dugula eskualdeko osasun arretaren egoera konpon dadila eskatzeko.

Izan ere, urteetako gabezia dago Tolosaldean, eta lehen arretako zentroak dauden herrietako alkateok kezkaz bizi dugu egoera hori. Gipuzkoan, Tolosaldea da ospitale publikorik ez duen eskualde bakarra, eta, gure ustez, kalitatezko osasun arreta bermatzeko, ezinbestekoa da sare publikoaren barnean egotea. Ordezkatzen ditugun herritarrekiko dugun arduragatik, Tolosaldean ere osasungintza publiko, unibertsal, doako eta euskalduna berma dakigula aldarrikatzen dugu.

Gure aldetik, konpromiso irmoa dugu eskualdeko diagnostiko soziosanitarioa zein azterketa soziodemografikoa bultzatzeko, eta azterketa horietarako beharrezko baliabideak eskura jartzeko. Arreta hobetzeaz gain, osasunean eragiten duten aldagaiak kontuan hartuta, osasun ikuspegia udal politika guztietan txertatu eta osasunaren sustapenean zein prebentzioan sakontzen jarraituko dugu.

Baina, udaletatik harago, iruditzen zaigu gainerako erakundeek ere dagokien erantzukizunarekin jokatu beharko luketela. Hargatik, Alegiako, Ibarrako eta Amasa-Villabonako alkateok deia egiten dizuegu eskualdeko gainerako alkateei, datozen hilabeteetan kalitatezko osasun arreta publikoaren alde abiarazi asmo dugun aldarrikapen eta mobilizazio kanpainara batzeko eta kanpaina hori indartzeko.