Albisteak
Atzealdea

Osasun alertan, laguntza gehien behar dutenen bidelagun Udala

Larrialdi egoera honetan Udalak herritarrei lagundu ahal izateko dekretuak sinatu ditu

2020·03·25


COVID-19ak egiteko moduak aldatzeaz gain, behar gehiago azalaratu ditu Udaleko jardunean ere. Eta hau, batez ere, Gizarte gaietako departamentuan nabaritu da, herritarren segmentu ahulenari eragiten baitio batez ere krisi honek. Hori dela eta, bertako langileak sortu diren behar berriei erantzuten ari dira geratu gabe.

Adineko pertsonak arrisku egoeran daudenez, euren gertuko jarraipena egiten ari da Udala. Hala, bakarrik bizi diren 70 urtez gorako pertsonei deiak egiten ari dira eta baita bikotea adin berekoa edo zaharragoa dutenei ere. Beharren diagnostiko bat egiten ari da Gizarte departamentua, egoera ezagutu eta horren araberako babesa eskaintzeko.

Bide horretan, pertsona horiei laguntzeko bolondres sarea osatu da, 40 lagunek baina gehiagok eman dute izena ekimen honetan eta hauek jarraitu behar duten protokoloa ere osatuta dago, inor arriskuan ez dadin jarri.

Bestetik, mendekotasuna duten pertsonentzat eta zerbitzua ematen duten zaintzaile formal edo ez formalentzat ziurtagiriak egiten ari da Udala, euren lana burutzeko, mugikortasuna bermatua izan dezaten. Ziurtagiri horiek telematikoki eska daitezke.

 

Elikagai-bankua momentuz bertan behera geratu denez, bertako erabiltzaileentzat eta gizarte larrialdikoentzat erosketa baleak egin ditu Udalak. Elikagaiak, botikak edo behar-beharrezko gaiak eros ditzaten pertsona hauek. Bale horiek ekimen honetara batu diren Ibarrako dendetan erabil daitezke.

Erosketa bale horiek eman ahal izateko, Udalak dekretu bat sortu du. Ikusi hemen.

Aurrera begira, elikagai bankua berriz ere martxan jartzeko lanketa hasi dugu bai gizarte langileekin eta baita bolondresekin ere.

Genero indarkeria gerta daitekeen kasuetarako informazioa zabaldu da eta herritarren kolaborazioa eskatu da. Garrantzitsua da herritarrek udaletxea ez dela itxi jakitea nola ez, babesa eta zerbitzuak ematen jarraitzen da bertatik.

Kale hezitzaileek kudeatzen duten programari dagokionez, bisita fisikorik ez, baina telefonoz eta telematikoki ari dira jarraipenak egiten adin txikiko erabiltzaileekin.

Bestetik, etxez etxeko zerbitzuak osorik ematen jarraitzen da, krisiaren aurretik bezalaxe.

Udala jakitun da alarma egoera honek herritar askori sortuko dizkien arazo ekonomikoez eta horregatik, herritar guztientzat zerga ordainketen epeetan aldaketak burutu ditu dekretu baten bitartez. Ikusi hemen.

Osasun alerta batean gaudenez, Ibarrako Udalak COVID-19ari aurre egiteko neurrien artean, hala behar izan ezkero kontratazio prozeduretan larrialdia dagoela adierazteko aukera izatea onartu du dekretu bidez, krisi egoera honetan kontratazio publikoak egin behar badira, larrialdizko izaerarekin burutzeko. Ikusi hemen dekretua.

Ibarrako Udalak koordinazio etengabea du osasun, polizia eta gizarte arloko agintaritzarekin eta jarraipena egiten ari da momentu oro, dauden beharrei erantzunak emateko.

Eta noski, herritarrek ohiko bide hauek erabil ditzakete gizarte zerbitzuekin harremanetan jartzeko: 943670415 edo 648102809 eta gizarte@ibarra.eus