Eduki publikatzailea
Atzealdea Mugikortasun astea 2024 Ibarran
2024·09·13
Ibarrak bat egingo du Europako Mugikortasun Astearekin, mugikortasun jasangarria sustatzera bideratutako jardueren bidez.
“Eremu publikoaren partekatzea” nabarmentzen du aurten mugikortasun jasangarriaren aldeko kanpaina europarraren leloak. Lelo horrek, ibilgailu pribatu motorizatuaren erabilera murrizteko beharraz kontzientziatzea dakar, eta hausnartzera ea nola errekuperatu dezakegun espazio publikoa, ahal den neurrian, berotegi-efektuko gas-isuriak murriztuz eta gure hiriko airearen kalitate onari eusten lagunduz.
Horren harira, Ibarrako eta Tolosako udalek, Tolosaldea Garatzenen laguntzarekin, BIZIBIRA haurrentzako bizikleta martxa antolatu dute irailaren 20an, ostirala. Intujai antzerki taldeak dinamizatuko du martxa hau.
Ibarrako plazatik abiatuko da 16:45ean, eta Tolosa zeharkatuko du gero. Bizibirari amaiera emateko, festa egingo dute Zumardiaundian –euria eginez gero, Zerkausian izango da–. Bizikletekin akrobaziak egiteko aukera izango dute haurrek, eta merienda ere egingo dute.
Irailaren 25ean, asteazkena, Ibarrako udaltzaingoak mugikortasunarekin erlazionatutako tailerra emango die Uzturpe Ikastolako LH 4-5-6 mailako ikasleei, hauek bizikletaren erabileran trebatzeko helburuarekin.
Eta, azkenik, Beko Bide 10 kalean (gazteentzat alokairuzko diren pisuen azpian) Udalak duen lokala bizikleta-gordeleku gisa egokitzen ari da edonork bere bizikleta bertan uzteko aukera izan dezan. Gordeleku horrek bizikletentzat 100 aparkaleku inguru izango ditu.