Albisteak
Atzealdea

Martxoaren 14an eta 16an ipuin-kontaketak egingo dituzte

Ekimena 'Ahoz aho', ahozkotasunaren nazioarteko jaialdiaren barruan dago. Sarrerak aurretik hartu beharko dira.

2022·03·09


Datorren astelehenean (martxoaren 14an) iritsiko da Ahoz aho ahozkotasunaren nazioarteko jaialdia Ibarrara. Guztira, bi ipuin-kontaketa saio egingo dituzte aste horretan: lehena, hain zuzen, astelehenean izango da, eta Boni Ofogo Kamerungo kontalariak egingo du (gazteleraz); bigarrena, berriz, asteazkenean (hilaren 16an) izango da, eta Iñaki Carretero kontalari euskaldunak emango du. 

Bi saioak 18:00etan hasiko dira, herriko kultur etxean; horrez gain, saioetako edukiera mugatua izango da, beraz, sarrerak aurretik eskuratu beharko dira kultur etxean. 

Zer da Ahoz aho?

Ahoz aho ahozkotasuna eta ahozko transmisioa aldarrikatu, babestu eta zabaldu nahi duen jaialdia da. Tolosako Amarotz auzoan hasi zen, eta une honetan Gipuzkoa osoan zehar zabaldu da, tartean, baita Ibarrara ere. Intujai teatro taldeak antolatzen du, eta aurtengo edizioa martxoaren 2tik 26ra izango da.