Albisteak
Atzealdea

Irailaren 27an Tolosa eta Ibarra arteko BiziBira egingo dugu mugikortasun jasangarriaren alde

Europa osoan irailaren 16tik 22ra ospatzen da Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astea

2019·09·20


Mugikortasun jasangarria energia gutxiago eta ingurumen inpaktu txikiagoa sorrarazten duen mugitzeko modua da eta aurtengo leloarekin “Oinez eta bizikletaz segurtasunez ibili” Europar Batasunak azpimarratu nahi du mugitzeko bi forma hauek gure osasunerako, ingurumenerako eta gure ekonomiarako dituzten onurak.

Gure eskualdeko udalak eta Tolosaldea Garatzen mugikortasun jasangarriaren sustapenean lanean ari gara eta aurreko urteetako ohiturari jarraituz, aurten ere bat egiten dugu Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearekin.

Ibarrako kasuan, Uzturpe Ikastolako ikasleek irailaren 20an, goizez, oinez egin dute ikastolako joan-etorria. Horretarako HH eta LHko haur guztiak irakasleekin plazan elkartu dira (baita autobusez joaten direnak ere), eta bertatik oinez joan dira guztiak ikastetxera.

 

 

Zergatik?

Gure eskualdean auto pribatuaren erabilera oso altua delako. Gure eskualdean 0,64 ibilgailu /biztanleko; Gipuzkoa eta EAE mailakoa baino motorizazio tasa altuagoa. Honen arrazoiak: gure herri askoren landa izaera, eskualde barneko errepide konexio onak, bidegorri sare amaitu gabea, etab.

Gure azken datuen arabera, Tolosaldeko biztanleen joan-etorrien %54a autoz egiten delako, % 10a garraio publikoan eta %36a modu alternatiboan (oinez, bizikletaz, etab.). Gure erronka: %54a datozen urteetan jaistea.

Bizikletaren inguruko udal politikak. Gure eskualdean gero eta udal gehiago ohartu da herrian eta herrien artean autoaren erabilera gutxitzeko neurriak hartu beharraz eta dirulaguntzak jasotzen dituzte horretarako; oinezkoentzat zein bizikletentzat bideak egokituz, aparkaleku sareak hobetuz, etab. Gipuzkoako Bizikletaren behatokiak dio, 2017ko azken datuen arabera, lurralde mailan eguneroko txirrindularien joan-etorrien ehunekoa jaitsi egin dela 2016an jasotako datuekiko %38tik %28ra. Horrenbestez eten egin da 2014an hasitako goranzko joera, eta 2013an erregistratutako mailetara itzuli gara.

Argi dago oraindik asko dagoela egiteko baina pauso txikiak egin ditzakegu: ibilgailu pribatua beharrezkoa denean bakarrik erabili, kotxea partekatzea nonbaitera joan behar garenean, auto elektrikoak erostea energia gutxiago kontsumitzeko, etab.

Gure eskualdeko herriek, aste honetan jarduerak hauek antolatu dituzte Mugikortasun Jasangarriaren alde aldarrikapena egiteko:

Igandean, irailak 22, Kotxerik Gabeko Eguna ospatzen da Europako herri eta hirietan eta hemen ere kalea herritarrena ere badela aldarrikatuko da gure eskualdean:

Tolosa eta Ibarra arteko Bizibira:

Irailaren 27an, arratsaldez, ospatuko da. Ibarra eta Tolosako ikastetxeak lotuko dituen bizikleta bira egingo da, ikastetxeetara joateko eredu jasangarriagoak daudela frogatzeko asmoz.

Intujai antzerki taldeak dinamizatuta, 16:30 Ibarrako plazatik abiatuko da bizibira, Uzturpe ikastetxeko ordezkariek testigua eramango dute eta 17:00tan Samaniegora iritsiko da, 17:10etan Herrikidetik pasako da eta 17:20etan Laskorainera iritsiko da. Azkenik, Zumardiaundian amaituko da bira eta bertan merendola eta festa bat egingo dira. Bilboko Zirkozaurre Zirko Konpainiaren eskutik zirko tailerra egingo da eta puzgarriak ere egongo dira txikienentzat.

Aurten gainera, Tolosa eta Ibarrako ikastetxeetara oinez, bizikletaz, garraio publikoaz edo auto partekatuz hurbiltzen diren irakasleak sarituko dira.