Albisteak
Atzealdea

Igande honetan egingo dute Ibarrako XXII. azoka

Hainbat postu egongo dira ikusgai 10:00etatik 14:00etara, eta zenbait lehiaketa ere egingo dituzte.

2022·09·13


Datorren igandean (hilaren 18an) egingo dute Ibarrako XXII. azoka. Hauspoa elkarteak antolatu du ekimena, eta aurten ere Emeterio Arrese parkean izango da, goizeko 10:00etatik eguerdiko 14:00etara. Igandean ikusgai egongo dira elikagai-, artisau-, eta erakusketa-postuak, eta postugile gehienak eskualdekoak izango dira.

Azokak iazko formatua izango badu ere, bi lehiaketa ere berreskuratu dituzte: batetik, Ibarrako Piparraren XVI. Lehiaketa Gastronomikoa, Xepla elkartearen eskutik; eta, bestetik, Tolosaldeko XXIV. Ezti lehiaketa, Gipuzkoako Erlezain Elkarteak antolatuta. Piparraren lehiaketaren kasuan, epaimahaia honakoa izango da:

  • Sonia Tapia, Frontón kafetegitik.
  • Matias Gorrotxategi, Julian erretegikoa.
  • Roberto Ruiz, Hika txakolindegitik.
  • Adur Arrieta, Hondarribiako Tatapas gastrotekakoa.

Hauspoa elkarteak aldarrikatu du aurten ere ekoizpen ekologikoaren eta jasangarriaren alde egiten jarraitu dutela, eta baita tokiko eskulangintzaren alde ere.