Albisteak
Atzealdea

Ibarrako Udalaren neurriak herritarren ongizatearen alde

Momentu latz hauetan sufritzen ari direnei, zaintza lanetan ari diren langileei, boluntario sareetan izena eman duten pertsonei, udaleko langileei eta, nola ez, Ibarrako haur eta herritar orori, Ibarrako Udaletik, beraiekin gaudela esan nahi diegu.

2020·04·28


Asteak daramatzagu osasun larrialdi honetan murgilduta eta egunez egun, Ibarrako Udaleko egin beharretan herritarrak erdigunean kokatzen jarraitzen dugu. Konfinamenduaren dekretua argitaratu bezain laster, sortuko ziren behar desberdinak aurreikusten eta horiei erantzuna emateko neurriak prestatzen hasi ginen, beti ere.

Lehen egun haietatik, herrian dugun elkartasun izaera martxan jarri zen, ezinean ziren herritar haiei laguntzeko eta gaur oraindik hor jarraitzen dute euren laguntza eskaintzen. Eskerrik beroenak, Udaletik guztiei. Larrialdi egoera honek zerbait erakutsi badigu, fisikoki distantzian egonagatik ere, elkarrengandik gertu egon gaitezkeela da. Eta Udaletik bide horretan gure bitartekoak eskaintzen jarraitu nahi dugu, herritarrengandik gertu.

Hasieratik, bakarrik bizi diren eta 70 urtetik gorako pertsonekin harremanetan gaude telefonoz eta euren egoeraren jarraipena egiten ari gara. Gaur egun, 137 pertsona ditugu herrian egoera horretan. Eta konfinamenduko lehenengo egun haietan sortutako boluntario sareak normaltasunez jarraitzen du etxetik irteteko ezintasuna dutenei beharrezko erosketak etxera eramaten. Gizarte departamentuak darama hau, eta beharra dutenek 648102809ra deitu edo gizarte@ibarra.eus era idatzi, baita laguntzen aritu nahi dutenek ere.

Bide beretik, gaixotu daitezkeen baserritarrei lagundu ahal izateko, landa eremuan ganadua zaindu eta jaten emateko prestatua dagoen boluntario talde bat ere badago herrian. Boluntario aritu nahi dutenek edo hauen beharra dutenek, 943671138 deitu edo ingurugiroa@ibarra.eus-era idatzi.

Azken egunetan, pertsona talde berri bat ere antolatzea lortu da, “Liburutegia etxean” egitasmoa martxan jartzeko. Apirilaren 28tik aurrera Udal Liburutegiaren zerbitzuaz gozatu ahalko dute herritarrek euren etxeetan. Eskaerak egin eta boluntarioek etxera eramango dizkie eskatutako liburuak. Zerbitzu hau erabiltzeko, herritarrek honako bideak erabili ditzakete: 943670399 (9:00-14:00), liburuzaina@ibarra.eus edo whatsappez, 688664781 zenbakira idatziz.

Asteazken honetan, apirilak 29, elikagai bankutik beste banaketa berri bat burutuko da. Aurreko txandan egin bezala, elikagai bankutik ekarritako jakiekin eta boluntarioen sareko herritarrekin, 36 elikagai kaxa prestatuko ditugu, etxe bakoitzerako bat, aurrekoan baino 3 gehiago. Aldi berean, udalak diru-bale berri bat emango die, laguntza moduan pertsona horiei, Ibarrako dendetan erosketak egiteko eta janari kaxa hori nolabait osatzeko (detergenteak edota produktu freskoak erosi ahal izateko). Orotara, 130 pertsonari ematen ari gara laguntza hau.

Ikasleen artean ere sortu diren beharrei erantzuna eman zaie, arrakala digitala ekiditeko. Ibarrako Udalak Uzturpe Ikastolarekin elkarlanean, etxean wifia ez duten haur eta gazteei router edota SIM txartelak entregatu dizkie ikastolako lanak egiteko aukera izan dezaten. Azken hauek, Orixe eta Samaniegoko ikasleei ere eman zaizkie. Ordenagailu eramangarriak ere banatu dira.

Ibartarrekin gaude, eta orain arte sortu diren behar eta arazoei erantzuten joan garen moduan, aurrera begira ere jarri gara dagoeneko. Konfinamendu honek etorkizunean utziko dituen ondorioen aurreikuspenak egiten hasiak gara eta erantzun aurreratuak emateko antolatzen ari gara, komertzioei zuzendutako diru laguntzak kasu. Herriko merkatariei (jatetxe, taberna, ile-apaindegi…) itxialdiak sortutako galerak arintzen laguntzeko, diru-laguntza partida bat onartu du Udalak eta industriari eta merkatariei hobariak egitea aurreikusi da. Aste honetan eskaerak egiteko tartea zabalduko da gai honetan (zabalago emango dugu honen berri aste honetan, GAOn publikatzearekin). Baina Udalak eman ditzakeen diru laguntzez gain, laguntza handiena herritarrek eman dezaketena da. Ezinbestekoa izango da gure herriko merkataritzak indartsu jarrai dezan, herritarrok herrian bertan kontsumitzea.

Bide beretik, eta landatzeko garaia izaki eta jada Gobernuko neurriek ere ahalbidetzen dutenez, landareak herriko Ibategin, Montesen edo Zumen erostera hauspotu nahi ditugu herritarrak.

Oraindik ezin dugu jakin nolako etorkizuna datorkigun, baina aurreikuspen eta antolaketa lanak egiten hasiak gara, beti ere herritarrak erdigunean kokatuz eta honela, guztion egoerak ahalik eta duinenak izan daitezen. Udalak bere bitarteko guztiak jarriko ditu sortzen diren beharrei erantzuna emateko. Eta noski, bide horretan, herritarren iradokizun eta ekarpenak gogoz jasoko ditugu. Garrantzitsua iruditzen baitzaigu herrian dauden behar anitz guztien jakitun izatea, laguntzen saiatzeko eta horregatik, Udalarekin harremanetan jartzeko bideak gogorarazi nahi ditugu: 943 671 138 edo harrera@ibarra.eus.