Albisteak
Atzealdea

Ibarrako Udalaren neurriak alarma egoeraren aurrean

Osasun larrialdiaren eraginez sortutako beharrei erantzuna emateko Udalak hartutako neurriak batu ditugu

2020·04·08


Ikusi dokumentua

Covid-19 birusaren izurriteak sortutako osasun larrialdia dela eta, konfinamenduaren dekretua argitaratu bezain laster, herrian sortuko ziren arazo eta behar desberdinak aurreikusten hasi ginen Ibarrako Udalean, eta hauei erantzuteko neurriak prestatzen.

Geroztik hiru aste pasa dira, eta denbora honetan erabaki asko hartu dira Ibarrako Udaletxean, zentzu honetan. Besteak beste, hauek izan dira hartutako neurri garrantzitsuenetako batzuk:

 

1. Etxetik irten ezinik geratu diren eta laguntza beharra duten herritarrei enkarguak (janaria, botikak) etxera eramateko edota hondakinak etxetik ateratzeko boluntario sare bat sortu zen herrian lehenengo bi egunetan. 55 lagunek eman dute izena lan horiek egiteko eta eskerrak eman nahi dizkiegu guztiei.

2. Indarkeria matxistarengatik arriskuan dauden emakumeen egoerarekin kezkatuta, Ibarrako Udalak bere esku dagoen guztia egingo du erasoren bat jasaten duten emakumeei laguntzeko. Bakarrik ez daudela adierazi nahi diegu emakume hauei eta laguntzeko eskura ditugun bitartekoak jarriko ditugula.

3. Bakarrik bizi diren eta herrian erroldatuta dauden 70 urtetik gorako pertsonekin harremanetan gaude telefonoz eta euren egoeraren jarraipena egiten da. Gaur egun, 137 pertsona ditugu herrian egoera horretan.

4. TAO zerbitzua bertan behera gelditu da.

5. Organikoa eta errefusaren ontzien tapak irekita utzi dira, eskuekin ahalik eta gauza gutxien uki ditzagun.
Etxean norbait isolatuta edo berrogeiladian badago, ez bereizi sortutako hondakin guztiak, eta ondo itxitako poltsa batean sartu (gaixotutakoa zaintzeko erabilitako eskularruak, musuzapiak, eta maskarak ere bai), eskularruak erabilita.
Poltsa hori bigarren poltsa batean sartu behar da (manipulatzeko eskularruak barne), eta poltsaratze bikoitz hori, ondo itxita, hirugarren poltsa batean sartu behar da, ondo itxita, etxebizitzan sortutako gainerako hondakinekin. Azkenik, errefusaren ontzi grisean sartuko da.

6. Elikagai bankutik ekarritako jakiekin eta boluntarioen sareko herritarrekin, 33 elikagai kaxa prestatu ditugu, etxe bakoitzerako bat. Aldi berean, udalak diru-bale bat eman die laguntza moduan pertsona horiei, Ibarrako dendetan erosketak egiteko eta janari kaxa hori nolabait osatzeko (detergenteak edota produktu freskoak erosi ahal izateko). Orotara, 119 pertsonari eman zaie oraingoz.

7. Arrakala digitala ekiditeko, Ibarrako Udalak Uzturpe Ikastolarekin elkarlanean, etxean wifia ez duten haur eta gazteei router edota SIM txartelak entregatu dizkie ikastolako lanak egiteko aukera izan dezaten. Azken hauek, ez dadin ikaslerik atzean gelditu, Izarkom Kooperatibaren ekimenarekin bat eginez. Ordenagailu eramangarriak ere banatu dira.

8. Apirilaren 2an, Haur eta Gazte Liburuaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta Ibarrako Liburutegiak hainbat haur eta gazteri liburu sortak helarazi dizkie. Era berean, Uzturpe Ikastolak eskulanak egiteko emandako materiala banatu dugu familia hauen artean, txikienek denbora arinago pasa dezaten, modu hezitzaile batean.

9. Gaixotu daitezkeen baserritarrei lagundu ahal izateko, landa eremuan ganadua zaindu eta jaten emateko prestatua dagoen boluntario talde bat sortu da herrian.  

10. Herriko merkatariei (jatetxe, taberna, ilepaindegi…) itxialdiak sortutako galerak arintzen laguntzeko, diru-laguntza partida bat onartzea erabaki da. Industriari eta merkatariei hobariak egitea aurreikusten da.

11. Tolosaldea Lanbide Heziketa Institutuak aurpegia babesteko pantailak egin ditu, eta Ibarrara 100 ale ekarri ditugu, saltokietan eta kalean dabiltzan udal langileen artean banatzeko. Ahaztu gabe, herritar batzuen ekimenez etxean jositako maskarak jaso ditugula. Biba zuek!

12. Kultur eta kirol ikastaroak martxoaren 14tik bertan behera geratu zirenez, erabiltzaileei ez zaie kobratuko 2. aldia. Eta dagoeneko ordainketa eginda badago, dirua itzuliko zaie maiatzean. 

 

Bestetik, esan nahi dugu, Ibarrako udal taldeak gogoz hartuko dituela herritarren aldetik jaso dezakegun edozein  iradokizun.

Momentu latz hauetan sufritzen ari direnei, zaintza lanetan ari diren langileei,  boluntario sareetan izena eman duten pertsonei, udaleko langileei eta, nola ez, Ibarrako herritar orori, Ibarrako Udaletik, beraiekin gaudela esan nahi diegu.