Eduki publikatzailea

Atzealdea Ibarrako udalak herriaren agenda eratzeko bideari ekin dio, garapen jasangarrirako 2030 agendaren esparruan

Ibarrako udalerriak iraunkortasunarekin duen estrategia eta konpromisoa Tokiko Agenda 21en II. Ekintza Planean jasotzen da, 2014-2022 eperako zehaztua. Denbora horretan, eta 2023 arte, bertan jasotako ekintzak gauzatzen joan da Udala, baita betetze-maila eta bilakaera ebaluatzen ere.

2024·10·04


Ekintza plan horren indarraldia amaitu ondoren, balioak eguneratu behar dira, lan ildoak eta proiektuak definitu, eta nahi dugun udalerri ereduari buruzko hausnarketa prozesu parte-hartzaileari hasiera eman.

Ibarrako Udalak 2015 urtean Nazio Batuen Elkarteak onartutako Garapen Iraunkorreko Helburuei* eta 2030 Agendari herri bezala ekarpena egiteko aukera baduela ikusi du. Horrela, Ibarrako 2030 Agendaren 2024-2030 Ekintza Plana egiteko konpromisoa hartu du, "Ibarra Agenda 2030. Amesten dugun herria " deituriko prozesuaren barnean.

Baina ekintza-plan hori diseinatu aurretik, Udalak Ibarrako egungo egoera aztertuko du, Ibarrako udalerriak Garapen Iraunkorreko Helburuei egiten dien ekarpena orain arte zein izan den jakiteko, eta ondorio horietatik abiatuz, 2030 urtera arte indarrean izango den ekintza-plana lantzeko oinarri sendoak finkatzeko.

Lanketa horretan Udalak bidelagun izango ditu Ibarrako  herritarrak, elkarteak eta udal langileak. Ildo honetan, urrian zehar Udalak kontratatutako aholkularitza-taldeak herri sektore ezberdinetako eragileekin gaikako elkarrizketak antolatuko ditu. Herriko gazteei, emakumeei, adinekoei, merkatariei eta landa eremuko bizilagunei elkarrizketa hauetan parte hartzeko gonbita zuzena egingo zaie. Prozesua, dena den, guztiz irekia da, eta bere ekarpena egin nahi duen edozein herritarrek parte hartzeko aukera izango du.  Egingo diren elkarrizketetan parte hartzeko interesa dutenek  943671138  telefono zenbakira deituta elkarrizketa hauei buruzko informazio gehiago lortu eta izena eman dezakete.

Behin, lehen azterketa lana eginda, helburu jasangarriak lortze aldera, ibilbide-orri komun bat eskaini nahi da, herriko eragile guztien adostasuna duena.

Lehen erronda hau osatutakoan, bilera ireki bat egingo da herritarrekin diagnostikoaren emaitzak aurkeztu eta 2030era begirako ikuspegia lantzen hasteko.

Prozesuaren ondorengo urratsen berri ematen jarraituko du Udalak. Prozesuan zehar sortzen den dokumentazioa https://www.ibarra.eus web gunean eskuragarri egongo da.

*Hauek dira garapen jasangarrirako helburuak (nazioarte mailan onartutako 17 helburuez gain, Euskadi mailan 18. helburu bat adostu zen):

  1. Pobrezia mota guztiak desagertzea.
  2. Gosea amaitzea, elikagai-segurtasun eta elikadura hobea lortzea, eta nekazaritza jasangarria bultzatzea.
  3. Guztiontzat eta adin guztietan bizimodu osasungarria bermatzea eta ongizatea sustatzea.
  4. Guztiontzako kalitatezko hezkuntza inklusiboa nahiz bidezkoa bermatzea eta etengabeko ikaskuntzarako aukerak bultzatzea.
  5. Genero-berdintasuna lortzea eta emakume nahiz neskato guztiak ahalduntzea.
  6. Uraren erabilgarritasuna eta kudeaketa jasangarria nahiz guztiontzako saneamendua bermatzea.
  7. Energia eskuragarria, fidagarria, jasangarria eta modernoa bermatzea guztiontzat.
  8. Guztiontzako hazkunde ekonomiko jarraitua, inklusiboa eta jasangarria, enplegu betea eta produktiboa nahiz lan duina sustatzea.
  9. Azpiegitura erresilienteak eraikitzea, industrializazio inklusiboa eta jasangarria bultzatzea, eta berrikuntza sustatzea.
  10. Desberdintasunak murriztea.
  11. Hiriak eta giza kokaguneak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak izatea lortzea.
  12. Kontsumo eta ekoizpen modalitate jasangarriak bermatzea.
  13. Neurri urgenteak hartzea klima-aldaketaren eta haren ondorioen aurka egiteko (Berotegi Efektuko Gasen emisioak gutxitzeko neurriak hartzea eta klima-aldaketaren ondorioetara/inpaktuetarako egokitzeko neurriak abiaraztea).
  14. Ozeanoak, itsasoak eta itsas baliabideak mantentzea eta modu jasangarrian erabiltzea garapen jasangarriari begira. Ibarrako kokapena dela eta, ekarpenen txostenean ez da helburu hau aztertu.
  15. Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea, basoak modu jasangarrian kudeatzea, basamortutzearen aurka borrokatzea, lurren degradazioa etetea eta biodibertsitatearen galera gelditzea.
  16. Garapen jasangarrirako gizarte baketsuak eta inklusiboak sustatzea, guztioi justiziarako sarbidea erraztea, eta erakunde eraginkorrak eta inklusiboak sortzea maila guztietan.
  17. Helburuak lortzeko itunak: garapen iraunkorraren aldeko lankidetza-sareak sortzea eta bultzatzea.
  18. Hizkuntza eta kultura aniztasuna bermatzea.