Eduki publikatzailea
Atzealdea Ibarrako saltokiek bat egin dute “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenarekin
2024·02·02
Ibarrako Udalak eta Elhuyarrek “Otsailaren 11 erakusleihoak” egitasmoa jarri dute martxan herriko hainbat dendatan, otsailaren 1etik 11ra, emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan egiten duten lana ezagutarazteko. Honela, otsailaren 11n ospatzen den Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat egingo du herriak. Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aukeratu zuen, 2016an, emakumeek eta neskek zientzian parte-hartze eta protagonismo handiagoa izan dezaten bultzatzeko eta nesken bokazio zientifikoak sustatzeko.
Establezimendu bakoitzak emakume zientzialari bati eskainiko dio erakusleihoa. Zientzialariarekin lotutako ilustrazioak eta informazioa biltzen duten horma-irudiak jarriko dituzte dendan, eta haren ikerketan inspiratuta apainduko dute dendako erakusleihoa. Hala, emakume zientzialarien bizitzaren eta lanaren dibulgatzaile bihurtuko dira dendariak, eta lagunduko dute emakumeek zientziari egin dioten ekarpena ikusarazten.
Ekimen hau Bizilaberen barnean sortu zuen Elhuyarrek duela lau urte; hau da, gazteentzako jarduera zientifiko eta teknologikoak egiteko aisialdi-jardueren eskaintzaren barruan. Eta iaz bezala, aurten ere, Ibarraz gain, herri gehiago batu dira ekimenera. Guztira, Euskal Herri osoko 12 herritan daude ekimenarekin bat egin duten 300 saltokiak, Abanto-Zierbena, Barakaldo, Beasain, Bilbo, Deba, Elgoibar, Gueñes, Ibarra, Laudio, Ordizia, Plentzia eta Zarautzen, hain zuzen.
STEAM hezkuntzaren bitartez, Elhuyarrek urte osoan dihardu neskek zientzia- eta teknologia-gaietan parte har dezaten bultzatzeko, eta, horretarako, emakume zientzialarien lanaren balioa nabarmentzen eta bistaratzen du, erreferenteak sortzeko eta, hainbat proiekturen bidez, emakume zientzialarien eredua hurbiltzeko gazteei. Hala, emakume horien bizitza, ibilbidea eta eredua ezagutzeko aukera ematen zaie uste okerrak eta estereotipoak gainditzeko.
Emakume omenduen horma-irudiak eta istorioak eskuragai daude Bizilaberen Otsailak 11 webgunean.
Ibarrako saltoki parte-hartzaileak:
- Edurne Mujika Farmazia
- Oramahai
- Tarukutraku
12 EMAKUMEZKO ZIENTZIALARI OMENDUAK
Aurtengo edizioan “Otsailaren 11 erakusleihoak” ekimenean omenaldia jaso duten emakumezko zientzialariak honako hauek dira:
Ana Zubiaga Elordieta (Forua, Bizkaia, 1959). Biologoa
Angela Saini (Londres, Erresuma Batua, 1980). Zientzia-kazetaria
Brigitte Baptiste (Bogota, Kolonbia, 1963). Ekologoa
Uxue Fernandez Lasa (Urretxu, Gipuzkoa, 1984). Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako ikertzailea.
Ana Teresa Diego (Bahía Blanca, Argentina, 1954-1976). Astronomia-ikaslea eta ekintzaile komunista.
Mary Anderson (Greene, AEB). Asmatzailea eta ekintzailea.
Miriam Friedman Menkin (Riga, Letonia, 1901-1992). Genetikaria eta enbriologoa.
Elena Ponciano Paino (Durango, Bizkaia, 1980). Arte Plastikoetako eta Ehungintza Arteko Diseinuko goi-mailako teknikaria. Soldadura eta Galdaragintzako teknikaria.
Wangari Maathai (Ihithe, Kenya, 1940-2011). Ingurumenaren aldeko ekintzailea eta politikaria.
Chieko Asakawa (Osaka, Japonia, 1958). Informatikaria.
Gro Harlem Brundtland (Bærum, Norvegia, 1939). Medikua eta politikaria.
Maia Duguine Haristoy (Hazparne, Lapurdi, 1979). Euskal hizkuntzalaria.