Albisteak
Atzealdea

Ibarrako etxebizitza etorkizunaz herritarrei galdezka

Udalak herritarrak herrian bertan bizitzen geratzeko ahaleginari ekin dio galdetegi baten bidez

2019·09·12


Ibarran azken urteetan, arauek ez zutelako uzten, ez da egon etxebizitza berriak eraikitzeko aukerarik. 1991 urtean onartu zen azkenekoz Ibarran lur sail batzuk garatzeko araua eta ordutik ez da lur sail berririk eduki etxebizitzak eraikitzeko zuzenduta.

Azken urteetan plan orokor berria onartu da eta honek, etxebizitzak egiteko ahalmena ematen du herriko zenbait lur zorutan. Honela, lehendabizi herrian dagoen behar eta nahiak ezagutzeari ekin dio Ibarrako udalak. Horretarako, galdetegi bat banatuko du datozen egunetan etxez etxe.

Ibarrarentzat oso garrantzitsua da bertako herritarrak herrian bertan bizitzen geratzea eta galdetegi hau, herriko etxebizitza plana egiten hasteko lehenengo pausoa izango da. Udaletik etxebizitza beharren inguruko galdeketa bat jarriko dugu martxan, Ibarrako herrian dagoen etxebizitza behar eta nahiak ezagutzeko, eta etorkizun hurbilean, horri erantzuna eman ahalko zaio.

Galdetegien helburu nagusia herrian dauden etxebizitza beharren berri jasotzea da. Zein eskari dagoen eta herrian geratu nahi duten horiek zer nolako etxe bizitzak behar dituzten ezagutu nahi dugu. Alokairuan edo erosiz nahi duten, zer nolako aukera ekonomikoak dauden jakin eta baita etxeen tamainaren inguruko informazioak eskuratzeko erabiliko da galdetegia.

Etxe bizitzetan interesatuta daudenen beharrak ezagutzeaz gain, herrian eraikitze lanak egin daitezkeen leku desberdinen gaineko iritzi edo lehentasunak zein diren ere ezagutu nahi da galdetegi honekin. Honako kokalekutan dago plan orokorraren bidez araututa etxebizitzak egiteko aukera:

Ibarrako mendebaldean: Gurutzeaga, Elduaran behekoa eta Elduaran goikoa.

Ibarrako ekialdean: Eskuxarre markorane, Ibaitegi, Ibaigain 6, Argindegi 4 eta Toki ona.

Herrian ondo kokatuta dauden lur zoruak dira honakoak eta batzuk eraikuntza berriak izango dira eta beste batzuk ordezkapenak, lehen daudenak eraitsi eta berriak eraikiz.

Galdetegi hauek, herriko etxe guztietara banatuko dira gaurtik aurrera eta irailaren 30a bitarte jasoko dira kultur etxean zein udaletxean. Herritarrek nahiago badute, ibarra.eus web orrian ere badago aukera inkesta online betetzeko eta anonimoak izango dira hala nahi izan ezkero behintzat.

Galdetegiak jasotzean, datu guztiak elkartu eta ondorioak aterako dira. Aurrera begira, lehentasun batzuetan oinarrituz etxebizitza eraikitze plan bat egiteko.

Ibarrako udaletik, herritarrei deialdia luzatzen diegu galdetegiak bete eta parte hartu dezaten, euren nahiak entzun nahi ditugulako eta benetako behar errealetan oinarritutako proposamen bat egin nahi dugulako.

 

Bete hemen galdetegia!