Ibarrako eta Tolosaldeko historiaren testigantzak
2021·11·26
Bizitzak liburuan Ibarrako familia bati, XX. mendean, gertatutako kontuak aurkituko ditu irakurleak. Baina, etxeko historia ez ezik, Euskal Herrikoa jartzen digute begi aurrean. Etxekoek etxean kontatutakoak, benetako bizipenak. Arruntak dira batzuk. Latzak, hainbat. Alaiak eta hunkigarriak ere ez dira falta.
Kontaketa honen guztiaren ardatza idazlearen gurasoen bizitza da, Gregorio Alijostesena eta Pakita Bordagarairena. Etxean, mahai inguruan, beraiei aditutakoak dira istorio gehienak. Zenbaitetan, beraien hitz zehatzak agertzen dira liburuan, grabatu bezalaxe transkribatuak, errelatoari bizitasuna eta benetakotasuna ematen diotelako.
Gizarte-egoera beraren aurrean, familia edota pertsona bakoitzaren bizipenak ezberdinak dira, eta Alijostes Bordagarai senitartekoei gertaera bereziak bizi izatea tokatu zitzaien: 1936ko gerran, Langile Bataloietan preso, Txabi Etxebarrietaren heriotzan lekuko, Burgosko Prozesuan epaituak, ondoren kartzela eta deportazioa, e.a. Momentu bakoitzean gertatzen ari zena barru-barrutik bizi izan zuten, historiaren taupadak soinean sentitu zituzten, ez ziren ikusle hutsak izan, eta horregatik, garaia gordin eta garden islatzen da haien bizitzetan.
Zenbait deskribapen eta datu historiko ere gehitzen ditu idazleak, pertsona jakin batzuen bizitza kontatzeko, garaiko gizarte-egoeraren, bizimoduaren, pertsonen eta lekuen berri ematea ezinbestekoa delako.
Bizitzak lekukotasun edota memoria historikoaren generoko liburua da.