Albisteak
Atzealdea

Etxebizitza etorkizunaren inguruan egindako galdeketaren erantzunen arabera, herriko gazteek bertan bizitzen geratu nahi dute

Jasotako erantzunak Plan orokorrean jasotakoarekin bat egiten dutenez, herritaren garapen orekatua aurreikusten da

2019·11·28


Ibarrako Udalak, herritarrak herrian bizitzen jarrai dezaten helburu argia du eta horregatik, Plan orokorrean Ibarran 350 etxebizitza eraikitzeko aurreikuspena jasota dago. Hori Udalaren plana bada ere, herritarrek dituzten beharren jakitun izatea garrantzitsua ikusi zen eta horrengatik, irailean Ibarrako biztanle guztiei etxebizitza asmoen inguruko galdetegi bat helarazi zitzaien.

Bertan, etxebizitza beharren inguruan galdegin zitzaien herritarrei eta asko izan dira jasotako erantzunak. Zehazki, 125 pertsonek erantzun dute galdetegia eta batez ere gazteak izan dira parte-hartzaileak. Erantzunak koherenteak izan dira eta horrek, fidagarritasuna ematen die emaitzei.

Plan orokorrean aurreikusitakoa eta inkestaren erantzunak jasotakoa bide beretik doazela nabarmentzekoa da. Izan ere, Plan orokorrak 350 etxebizitza berri antolatu zituen datozen 8 urteetan garatzeko, herriaren ekialdean (Eskuxarre markorane, Ibaitegi, Ibaigain 6, Argindegi 4 eta Toki ona) eta mendebaldean (Gurutzeaga, Elduaran behekoa eta Elduaran goikoa) modu orekatuan zeuden 8 gune desberdinetan. Galdetegiaren erantzunak eta Eustat-eko datuak erlazioan jartzen baditugu, ikusi da aipatutako etxebizitza kopurua egokia dela gazteen beharrak asetzeko eta herriaren garapen ordenatu bat emateko.

Epeei dagokionez, Plan orokorrak ere hala aurreikusten zuen bezala, dauden beharrei erantzuteko lehen lau urteetan egin beharko lirateke etxebizitza kopuru gehiena.

Jarraian, galdetegien emaitzen datu esanguratsuenak bilduko ditugu:

 

- Etxebizitza jabetzan nahi du erantzuleen %92ak.

- Alokairuaren eskaera nabarmen txikiagoa da: %12a.

- Erantzuna eman dutenen %46a oraindik gurasoekin bizi da eta gehienek (%82) jabegoan eskuratu nahi dute lehen etxebizitza.

- Deigarria izan da etxebizitza erosteko prezioari dagokionez %38ak 225.000 euroetatik gora ordaintzeko aukera markatu izana, %38ak 150.000 euroetatik gora eta %24ak kopuru horretatik behera adierazi du.

- Noizko edo zein epetan galdetuta, oso orekatua izan da erantzuna: %33ak 0-2 urterako nahi du etxea, %33ak 2-4 urte artean eta beste %33ak 4-6 urte artean.

- Gehien eskatzen den etxebizitzaren tipologia 3 logeletakoa da, bi komunekin %74ak eta 2 logeletakoa %20ak.

- Aparkalekuari buruz galdetegia erantzun dutenen %80ak aparkaleku itxia nahi duela adierazi du.

- Zonaldeka, eskaera orekatua da %40a mendebaldean eta %60 ekialdean. Gogoko zonaldea eta gehien ordaintzeko prest leudekeena Ibategi da eta jarraian Elduaran, Gurutzeaga eta Malkorrane.

 

Informazio guzti hau eskuetan duela, Ibarrako Udalak alde batetik parte-hartzaileei eskerrak eman nahi dizkie, planteamendu erreal bat egiten laguntzen baitute jasotako erantzunek. Gainera, galdetegi honen bidez ikusi dugu, herriko gazteek bertan bizitzen jarraitzeko gogoa eta asmoa dutela eta horrek gure herriaren etorkizuna bermatzen du, herri bizi bat izaten jarraitzeko.

Ibarrako Udalaren nahia, orain, eraikitze lanak herriko gune desberdinetan proportzionalki garatzen joatea da. Hala, herria modu orekatuan hazten joan dadin, ekialde eta mendebalde txandakatuz. Dagoeneko Gurutzeaga lur eremuan garatzeko (32 etxebizitza) tramiteak hasiak dira.