Albisteak
Atzealdea

Energia hornidura propio eta berderantz lehen pausoa

88 eguzki plaka jarri dira kiroldegiko pilotalekuaren teilatuan eta bertako energia kontsumoaren %20,5 ekoitziko dute

2020·12·01


Ibarrako Udalak kontsumo arduratsuaren eta ingurumenarekiko errespetuan oinarritzen diren bere baloreei jarraituz, kiroldegiko pilotalekuko estalkian eguzki plakak jarri ditu.

Proiektu honen bitartez, energiaren auto hornidura lortzea da helburua, auto kontsumorako erabiliz eta gainera, berdea, CO2 isurketarik gabekoa baita.

Luzera begirako proiektua da auto hornidurarena, baina ematen den pauso bakoitzean nabari da aldea eta Udalak ahalik eta bide luzeena egiteko konpromisoa hartu du. Herriko energia kontsumoa, horrek eragiten duen CO2 emisioa, zein gastua murrizteko.

Ibarrako Udaletik maiatzean ekin zitzaion eguzki plakak jartzeko azterketari. Udaletxean, Kiroldegian, Kultur Etxean eta Ikastolan ere egin zen azterketa eta momentuz, kiroldegiko pilotalekuaren teilatuan ezarri dira 88 eguzki plaka.

Kalkuluen arabera, 25 kW-ko instalazio bat egin da, 88 plakak osatuta eta bakoitza 315 Wp-koa da, 27.720 Wp osatuz guztira. Instalazioak 143,2 m2-ko azalera fotovoltaikoa hartzen du guztira. Honela, kalkuluen arabera, proiektatutako instalazio fotovoltaikoaren bidez eraikinaren kontsumo osoaren %20,5 ekoitziko da, atmosferara CO2 isurtzen ez duten iturri garbiekin.

 

Herriko energia kontsumoa murrizteko egitasmoa

Ibarrako Udalak, herriko energia kontsumoa murrizte bidean, laister beste egitasmo bat ere martxan jarriko du. Etorkizunera begirako proiektu bat da hau ere, baina eraikin publikoetako fakturak aztertzean egongo da gakoa, kontsumoa ezagutzeko eta zertan gastatzen den gehiago edo gutxiago aztertzeko. Honela, behin datuak izandakoan, tarifetan moldaketak burutuko dira eta fakturetan eragina izango dute, energia kontsumoa aurreztuz eta gastuak ere murriztuz.