Eduki publikatzailea
Atzealdea Egin kultura, egin herria
2023·11·10
Kultur arloan aberatsa den herria gara. Ibarrako herritar askoren lana ikusi besterik ez dago. Hala nola, “Hauspoa” kultur elkartea, “Alur” dantza taldea, “Loatzo” musika eskola, eta abar ditugu herrian.
Pertsonen joan-etorri etengabea bizi dugu. Gure artean kultura desberdinak elkarrekin bizi dira, guretik haratago. Kultur aniztasuna handituz eta herria aberastuz. Halaber, gutxi balitz, gazteriak ere kultur adierazpen berriak dakartza gurera.
Udalean ondorioztatu dugu ez garela eskari hori betetzen ari eta hutsuneak sumatzen ditugu herriko kultur eskaintzetan. Eskaintza hori berritzeko edota indartzeko hauspotzea dagokigu udalean lanean ari garenoi.
Ondorioz, behar eta gustu berriak edo desberdinak aztertzeko herri kontsulta bat antolatzea erabaki dugu.
Zer hoberik ibartarrek berek kultur errealitatearen diagnostikoa egitea baino?
Herriaren ekarpenak idatziz jasotzeko hiru toki prestatuko ditugu: Udaletxearen harreran, Kultur etxean eta Bizi-Nahi adinekoen egoitzaren sarreran. Horretaz aparte, online galdetegi bat jarriko dugu martxan: kalean, tabernetan, eta dendetan egongo diren karteletan, QR galdetegiaren bidez.
Ekarpenak azaroaren 13an hasi eta abenduaren 7a arte jasoko dira. Ondoren informazio hori guztia jaso eta proposamen eta ideia guztiekin hausnartze lanketa sakon bat egingo du Udalak.
Prozesu guztia amaitzean, ondorioak atera eta banan-banan kultur eragile guztiekin bilduko gara. Guztien artean proposamenak nola bideratu daitezkeen aztertuko dugu.
Azkenik, diagnosia eta gidoi zehatz bat egiten denean, lanari ekingo diogu. Ibarrak merezi duen kultur eskaintza oparo, aberasgarri eta anitzena eduki ahal izateko.
Kulturarik gabe ez dago herririk. Eta ez dago kulturarik gabeko Ibarrarik.
PARTE HARTU DATOZEN URTEOTAKO KULTURA GARATZEN.
EGIN KULTURA. EGIN HERRIA