Albisteak
Atzealdea

Egiari Zor fundazioak aurkeztutako giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa emateko mozioa aho batez onartu zuen Udalbatzak

Azaroaren 12an burututako osoko bilkuran onartu zen mozioarekin bat egin eta honen zabalpena egitea

2020·11·26


Egiari Zor Fundazioaren izenean, azken osoko bilkuran giza eskubideen inguruan honako mozioa aurkezten zuten:


Mozioa, motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei laguntzeko, biktima horien erreparazioa eta aitorpena tramitatzeko, uztailaren 28ko 12/2016 Legea aldatzen duen apirilaren 4ko 5/2019 Legean oinarrituta.

 

MOZIOA

Zioen azalpena

Egiari Zor Fundazioa 2012. urteaz geroztik ari da lanean Estatuak eragindako edo sustatutako indarkeriak jasan dituzten biktimen eskubideen alde. Fundazioa osatzen dute erailak izan ziren pertsonen senitartekoek, eta zaurituak edo torturatuak izan ziren pertsonek.

2019ko irailaren 27an epea zabaldu zen giza eskubideen urraketen biktimak apirilaren 4ko 5/2019 Legearen babespean aitortzeko eskaerak aurkezteko. Lege horrek aldatu egin zuen uztailaren 28ko 12/2016 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoan 1979 eta 1999 bitartean izandako motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasandako biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematekoa.

Legearen helburua honakoa da: funtzionario publikoek beren eginkizunetan edo beren eginkizunetatik kanpo eragindako giza eskubideen urraketen biktimak aitortzea; taldean edo modu isolatuan, indibidualki eta kontrolik gabe jarduten zuten partikularrek eragindako eskubide urraketak aitortzea; eta, urraketa horien ondorioz, pertsonen bizitzan edo osotasun fisiko, psikiko, moral edo sexualean izandako eraginak aitortzea.

Laburki esanda, Legearen bidez aitortza jaso dezakete 1979tik 1999ra bitartean estamentu ofizialek praktikara eramandako edo sustatutako biolentziek EAEn eraildako, torturatutako edo larriki zauritutako pertsonek (edo urraketaren unean EAEn bizi zirenek).

Ehunka dira, milaka ziurrenik, denbora tarte horretan Estatuak praktikara eramandako giza eskubideen urraketak jasan zituzten pertsonak, eta aipatu legearen babesean aitortuak izateko egin beharreko kudeaketa ez da erraza.

Biktima izaera aitortzeko eskaera egiten duten pertsonek eskabidea aurkeztu behar dute. Hori euskadi.eus atarian elektronikoki bete dezakete, edo, bestela, eskabide-eredu normalizatua egoitza elektroniko horretan bertan deskargatu eta Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko edozein bulegotan aurkeztu.

Eskaera horretan, giza eskubideen urraketa gertatu zen testuinguruaren deskribapena jaso behar da, eta biktima-izaera frogatzeko garrantzitsutzat jotzen diren txosten, ziurtagiri eta dokumentuak erantsi behar zaizkio. Hala ere, dokumentaziorik ez badago, inolako arazorik gabe egin daiteke eskaera.

Egia Zor Fundazioa prest dago behar duen orori izapideak egiten laguntzeko. Horretarako, nahikoa da harremanetan jartzea info@egiarizor.eus helbide elektronikora idatziz edo 944 045 363 telefonora deituz.

Berebiziko garrantzia du Euskal Herriko indarkeria testuinguruan gertatu diren giza eskubideen urraketa guztiak erabat aitortzeko bidean aurrera egiten jarraitzeak. Estatuak eragindako tragediaren inguruko egia osoa aitortzea, ezagutzea eta ezagutzera ematea ere ezinbestekoa da, bermatzeko giza eskubideen urraketen biktima bat bera ere ez dela geratuko dagokion babesik eta aitortzarik gabe.

Horregatik guztiagatik, Egiari Zor Fundazioak honako mozio hau onartzeko eskatzen dio Ibarrako Osoko Bilkurari:

  1. Ibarrako Udalak aitortza adierazten die Euskal Autonomia Erkidegoan 1978 eta 1999 bitartean motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan giza eskubideen urraketak jasan zituzten biktimei, eta egokitzat jotzen du 5/2019 Legeak eskainiko dien erreparazioa, biktima horiek duten egia, justizia eta memoriarako eskubideak egikaritzeko urrats garrantzitsua izanik.

  2. Era berean, Ibarrako Udalak animatzen ditu giza eskubideen urraketen biktima gisara errekonozimendua eta erreparazioa jasotzeko eskaera aurkezteko borondatea duten udalerriko pertsonak prozedura hori martxan jartzeko eskabidea aurkeztera. Horrez gain, hori posible izan dadin, pertsona horiei aholkularitza eta laguntza emateko konpromisoa ere hartzen du Udalak.

  3. Ibarrako Udalak jendaurrean jakinaraziko du hartutako erabakia, dituen ohiko komunikazio-bideak erabiliz, eskaera prozedurak abiatzeko interesa izan dezakeen pertsona oro informatuta egon dadin dagozkion eskubideen inguruan.

 

Udalbatzak, aho-batez, 10 aldeko botorekin (6 BILDU eta 4 EAJ-PNV) honako hau erabakitzen du:

LEHENENGOA: Onartzea Egiari Zor Fundazioaren izenean, giza eskubideen inguruan,aurkeztutako mozioa.

BIGARRENGOA: Erabakia jakinaraztea Egia Zor Fundazioari eta Ibarrako web orrialdean erabaki honen berri ematea.