Albisteak
Atzealdea

Diru-laguntzak herriko merkatari eta ostalariei COVID-19 pandemiak sortu dituen eraginak leuntzeko

Osasun larrialdi honek irauten duen bitartean herriko establezimenduek pairatzen duten egoerarekin laguntzeko ahalegina egin du Ibarrako Udalak

2020·04·29


Ibarrako Udalak azken asteetan hartutako neurrien parte egiten du diru-laguntza banaketa hau. Herritarrak erdigunean jartzen dituen neurriak hartzen ari da Udala eta egoera aintzat harturik, diru-laguntza lerro bat sortu du COVID 19 pandemiak sortu dituen eraginak leundu eta Ibarrako merkatari, establezimendu eta ostalariei laguntza emateko.

 

Udalak bere esku dagoen laguntza ematen duen bezala, herritarrei herrian bertan kontsumitu dezatela dei egiten die, herriko komertzio eta ostalaritza osasuntsu atera dadin krisi honetatik.

 

Estatuko alarma egoera deklarazioak eta Lehendakaritzak emandako aginduek gauza gutxi jaso dute egoera berezi honek sorturiko kalteak konpentsatzeko. Hau kontutan izanik, udal korporazio honek herriaren mesedetan eta Ibarrako herritarren onuran ez du beste aukerarik. Salbuespenezko egoera honek sorturiko egoerari aurre egiteko erantzun bat eman nahian Udalak dituen baliabideak herritarren eskura bideratzeko erabakia hartu du.

 

Udala da herritarren aurrean dagoen lehen instituzioa eta gertukoena, beraz, erantzunak bideratzeko lehen ardura berari dagokiola uste dugu, betiere gainontzeko Administrazioek eremu honetan epe labur nahiz ertainean har ditzaketen bestelako neurriei kalte egin gabe.

 

Ibarrako Udalaren 2020-2023 epealdirako Diru-laguntza Plan Estrategikoak, GAO 38 zenbakian argitaratu ziren, 2020ko otsailaren 26an, eta hark arautuko du deialdi hau ere. Hala, diru-laguntzak iragarki, norgehiagoka, objektibotasun eta berdintasun printzipioen arabera emango dira, Herri Administrazioa haiei atxikita baitago, besteak beste, sustapen-jarduerak gauzatzerakoan.

 

Diru laguntzak emateko orduan zehaztuko da bakoitzari emango zaion zenbatekoa, kontuan hartuta establezimenduak itxita edota partzialki irekita aurkitzen diren. Establezimenduak partzialki irekita daudela kontsideratuko da %50ean edo %50etik behera lanean ari direnean. Horretarako, Udalak burututako inspekzioak hartuko dira kontuan.

 

Deialdi honek aurreikusten dituen diru-laguntzak jasotzeko eskabideak, GIPUZKOAKO ALDIZKARI OFIZIALEAN argitaratu eta hurrengo egunetik kontatuta 10 eguneko epean aurkeztu ahal izango dira, Udaletxeko Erregistro Orokorrean. Hau da, apirilaren 29an argitaratu denez GAOn, apirilaren 30etik aurrera, 10 eguneko epea izango da eskabideak aurkezteko.

 

Eskaerak, ezarritako dokumentazioarekin batera, Internet bidez aurkeztu ahal izango dira, erregistro elektronikoaren bitartez (www.ibarra.eus) edota honako email honetara bidalita ingurugiroa@ibarra.eus.

Deialdiaren informazioa eta eskaera orri normalizatuak eskuragarri egongo dira egoitza elektronikoan (www.ibarra.eus).

 

Laguntzak jasotzeko eskaerak ondoko dokumentazioarekin aurkeztu beharko dira:

  1. Dirulaguntzarako eskari-orri normalizatua behar bezala beteta (I.ERANSKINA). (klik egin eskaera orria deskargatzeko)
  2. Zerga-betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria.
  3. Gizarte Segurantzaren betebeharretan egunean egotearen ziurtagiria.
  4. Jarduera Ekonomikoen Zergaren (JEZ) ziurtagiria

 

Eskabideak eta informazioa non eskuratu: San Bartolome plaza 2. zenbakian (Ibarrako Udalean), www.ibarra.eus edo 943-671138 / 943-697321 telefono zenbakietan.

IKUSI HEMEN GAO-n ARGITARATUTAKO DEIALDIA