Albisteak
Atzealdea

Berdintasun planaz hitz egiteko bilera irekia datorren asteazkenean

Bilera apirilaren 21ean izango da, 18:30ean, udaletxeko pleno aretoan.

2021·04·12


Datorren asteazkenean Ibarrako Berdintasun planaren inguruan hitz egiteko bilera irekia egingo dute. Bilera 18:30ean hasiko da, udaletxeko pleno aretoan eta hainbat gai jorratuko dituzte: batetik, Lehenengo Berdintasun Planaren ebaluazioa egingo dute; eta, bestetik, Bigarren Berdintasun Plana diseinatzen hasiko dira. Parte hartzeko beharrezkoa da joateko asmoa baieztatzea, aurretik, mezua bidaliz berdintasuna@ibarra.eus helbidera. 

Urte luze atzetik dator Ibarrako Udalak gizon eta emakumeen berdintasunarekiko duen konpromisoa.Lanketa horrek helburu du eskubide berdinak edukitzea, eta apustu horretatik hainbat tresna sortu dira: I. Berdintasun Planaren diseinua, Indarkeria Protokoloaren lanketa, Feminismo eta Aniztasun sailaren sorrera…

Berdintasun Planak Udala gidatzeko tresnak dira. Horien bidez, lau urteko epean eta herriko errealitatea ardatz hartuta, erronkak identifikatu eta aurrera eramaten dira. 

Ibarran 2016an egin zen I. Berdintasun Plana 2016-2020 epealdirako. Datorren asteko bileran, plan hura eta haren aplikazioa ebaluatu eta hurrengo urtetarako plana egitea tokatzen da.

Mezu honen bidez herriko udalak jakinarazi nahi du prozesua hasi berri duela eta hurrengo hilabeteetan horretan lanean arituko dela. Prozesuaren amaieran Ibarrako II. Berdintasun Planaren aurkezpen publikoa egingo da eta herritar guztiak ongietorriak izango dira.

Hurrengo urteetarako herriko politika feministaren bideorratz izango den II. Berdintasun Plana egiteko prozesuan murgiltzeko prest eta gogoz dago Ibarrako Udala. Prozesu honetan Farapi Kooperatibako kideak izango ditu aholkulari eta bidelagun.