Albisteak
Atzealdea

Aurten ere martxan izango da liburutegi tutorizatua

Lehen saioa urriaren 5ean izango da. Interesdunentzako lehen bilera irailaren 21ean egingo dute, liburutegiko areto nagusian, 18:00tan.

2021·08·27


Liburutegi tutorizatua ekimenak emaitza bikainak lortu zituen joan den ikasturtean. Hilabete eta erdiz izan da martxan egitasmoa, eta denbora horretan astean bitan egin dituzte saioak, zeinak ordubete iraun duten. Esperientzia laburra izan bada ere, hain emaitza onak lortu dituztela ikusita, aurtengo kurtsoan ekimenarekin jarraitzea erabaki dute. Guztira, proiektua hiru kurtsotan egitea aurreikusten dute; lehen aldiz 2020. urtean egin zuten eta, dena ondo bidean, 2023 bitarte mantenduko dute.

Liburutegi tutorizatuaren proiektua herrigintzako boluntarioekin batera darama aurrera Ibarrako Udalak. Horrez gain, udalak harremana du baita ere Oraintxen immigrazio teknikariarekin eta Inmakulada ikastetxearekin, helburu izanik hurrengo kurtsoan elkarlanean aritzea. Ez horiei bakarrik, parte hartzeko deialdia egin zaie Tolosako Samaniego eta Herrikide ikastetxeei eta baita ere ikastolei: Laskorain eta Uzturpe.

Hurrengo ikasturtean bi saio eskainiko dituzte: batean, “etxeko lanak” egiteari emango zaio lehentasuna; bestean, berriz, tertulia literarioak gauzatuko dituzte. Azken horretarako, boluntario taldeak formakuntza jasotzeko aukera izango du.

Ekimenaren helburu nagusia pandemiak utzi dituen arrakalak gainditzea da eta, horrela, ikasle guztien hezkuntza-inklusioa bideratzea. Saioetako espazio eta denbora horretan oinarria da begirunea eta norbera izateko aukera bermatzea. Hezkuntza-prozesua gizartearen ardura dela uste dutela-eta, parte hartzaileek herri-komunitateari deialdia egiten diete boluntario aurkezteko.

Denetariko herritarrak biltzen dira liburutegi tutorizatuko saioetan, besteak beste, adineko pertsonak, gurasoak eta ikasleak. Proiektuaren izaera irekiari esker gertatzen da hori, egitasmoa zabalik baitago edonork boluntario gisa parte hartzeko. Elkarlana da saioen oinarria; ikasleen artean ere aurreratuenek lagundu egiten diete behar handiagoa dutenei. Hitz gutxitan, eskolaz kanpoko espazio bat da, zeinak ikasteko denbora zabaltzen duen eta guztien arteko elkarrekintza sustatzen duen.

Kurtso berriko lehen saioa urriaren 5ean izango da. Herrian interesa duenik egongo balitz, lehen bilera irailaren 21ean egingo dute, liburutegiko areto nagusian, arratsaldeko 18:00tan.