Albisteak
Atzealdea

Aniztasunaren festa, haurraren nazioarteko egunean

Apirilaren 30erako egitaraua antolatu du udalak; denetariko ekimenak egingo dituzte.

2022·04·25


Udalak egitaraua antolatu du datorren larunbatean (apirilaren 30ean) Haurraren Nazioarteko Eguna ospatzeko. 'Alkatea bai esan' ekimenetik dator egitaraua antolatzeko proposamena, eta aurten aniztasuna du abiapuntu. Ibarra herri anitza izanik, denetariko ekimenak antolatu dituzte larunbat arratsalderako eta ekintza guztietan kontuan hartuko dute aniztasuna, besteak beste, giro-musikak bat egingo du jatorri ezberdinetako gizartearekin, jolasek kultur ikuspegi anitza izango dute eta janari-dastaketan hainbat herrialdetako gastronomia izango da. 

Igor Zapirain alkateak azaldu du hainbat helburu dituela egitasmoak: "Batetik, haurrei duten garrantzia aitortu nahi diegu, eta nazioarteko eguna aukera polita da horretarako. Bestetik, ezinbestekoa da aniztasuna txertatzea, Ibarra herri anitza izanik, oinarrian izatea nahi dugulako errespetua, eta kulturen aberastasuna zein elkarbizitza".

Larunbateko egitaraua:

  • 16:00 - 16:30 Ipuin-kontaketa eta tailer txikia (HHko umeei zuzendua).
  • 16:30 - 17:30 'Altxorraren bila' (adin guztiei zuzendua).
  • 17:30 - 18:00 Munduko janariak dastatzen (adin guztiti zuzendua).
  • 18:00 - 18:30 Futbolin-txapelketa (LH3tik, LH6rra bitarte).
  • 18:30 - 19:00 Buruhandiekin korrikaldia.
  • 19:00 - 19:30 Materiala jasotzea eta txukunketa.