Albisteak
Atzealdea

Alarma egoerak kontsumo alorrean eragindako egoerei buruzko informazioa

Tolosaldea Garatzeneko kontsumitzailearen informaziorako bulegotik herritarren kezkei erantzun zaie

2020·03·30


Alarma egoera ezarri izanak herritarren eguneroko jardueran aldaketa handiak ekarri ditu, martxoaren 18an indarrean sartu eta egoera honek dirauen artean eta agindu berri bat argitaratu bitartean hartutako behin behineko neurriak direla eta.

Kontsumo alorrean, kontsumitzaileari maiztasun handienez suertatzen ari zaizkion arazo edo egoerak, honako hauek dira:

AIREKO GARRAIOA:

Aireko konpainiek hegaldi bat bertan behera uzten duten kasuan:

Konpainiak bidaiariari txartelaren itzulketa eskaini behar dio, edo bestela ordezko garraiobideren bat lehenbailehen edo bidaiariari ongien datorkion data batean; Erreserba berean erositako joan-etorriko bidaien kasuan, joaneko bidaia bertan behera gelditzen bada, eta bidaiariak diruaren itzulketa eskatzen badu, itzulerako bidaiaren itzulera ere badagokio. Erreserba desberdinetan erosiak izan badira, bertan behera gelditutako bidariaren itzulketa bakarrik egokituko da. Aldiz, ez da konpentsazio eskubiderik izango, izan ere, gaur egungo egoeran, konpainiak ekidin ezin dituen ezohiko arrazoiengatik geldituko da bidaia bertan behera, eta ondorioz, konpainia ez da konpentsazio ekonomiko bat ordaintzera behartuta egongo.

Bidaia bertan behera bidaiariak utzi badu:

Bidai-txartelaren arabera ikusi beharko da bidaiariari diruaren itzulketa badagokion eta zein baldintzatan. Konpainiak, orokorrean, aurreragoko data batean bidaiatzeko bonoak eskaintzen ari dira.

 

TRENBIDE GARRAIOA:

RENFEk martxoaren 18tik aurrera eta alarma egoerak irauten duen bitartean bidaiatzeko txartel guztiak baliogabetu ditu, bidaitxartelaren kopuruaren %100 itzuliz, tarifa edozein dela ere.

Bidaiatzea beharrezkoa bada, martxoaren 18tik aurrera berriro erosi behar da bidaitxartela, izan ere, konpainiak zerbitzuaren zati bat mantenduko du behar handiko joan etorrietarako. Ave, Distantzia Luzea, Distantzia Ertain Arrunta eta Avant-en zerbitzuen %50 mantendu dira. Aldirikoetan funtzionamendu arruntari eutsi zaio. Atzerapenetatik eratorritako kalte ordainak bertan behera gelditu dira.

 

BIDAI KONBINATUAK (bi edo bidai zerbitzu gehiago aldi berean kontratatzen direnean, adibidez, garraioa, ostatua eta bestelako zerbitzu turistikoak):

Bidai agentziak bertan behera utzi duenean: Bidaiariak egindako ordainketa guztiak itzultzeko eskubidea izango du, baina ez dagokion inolako kalte ordainik. Bestalde, Agentziak bidai-zerbitzuaren ezaugarri nagusiak nabarmen aldatzen dituen beste aukeraren bat eskaintzen baldin badigu, bidaiariak proposamena onartu edo itzulketa eskatzeko aukera izango du.

Bidaiariak bertan behera utzi duenean: Araudiaren arabera, ezinbesteko eta ezohiko gertaerak ematen badira jatorrizko lekuan, bidaia konbinatuari modu esanguratsuan eragiten diotenak, bidaiariak ordaindutako guztia berreskuratzeko eskubidea izango du, baina ez du inolako kalte ordainik jasotzeko eskubiderik izango .

Araudiak ez du aipatzen ezinbesteko eta ezohiko gertaerak helburuko lekuan gertatzen direnerako, beraz, printzipioz, kontratuaren eta kontratatutako aseguruaren baldintzak aztertu beharko lirateke, eta beraz, Agentziak kontratuan adostutako balizko penalizazioa kobratzeko eskubidea izan lezake. Ondorioz, itzulketa osoa jasotzeko arazoak ekiditeko helburuarekin, komenigarria izan daiteke epeak agortu arte itxarotea, Bidai Agentzia izan dadin bidaia bertan behera utziko duena.

IMSERSOKO BIDAIAK: Bertan behera gelditu dira. Ordaindutako kopuruak itzuliko dira. 

KULTUR ETA AISI EKITALDIAK: Bertan behera gelditu dira, ondorioz, sarreren truke ordaindutako kopuruak itzuli behar dituzte.

OINARRIZKO HORNIKUNTZAK (argindarra, gasa eta ura): Enpresa hornitzaileek ezingo dute hornikuntza bertan behera utzi zaurgarritasun egoeran dauden pertsona kontsumitzaileei edo gizarte bazterketa arriskuan daudenei. Neurri honek, printzipioz hilabete bateko iraupena du, 2020ko apirilaren 17 arte. Bono Sozialaren iraupena 2020ko irailaren 15 arte automatikoki luzatuko da. Bertan behera gelditu dira araututako prezio eguneraketa guztiak, prezioen igoerak ekidin ahal izateko.

ERAKUNDE FINANTZARIOAK: Luzamendu bat onartu da (luzamenduak ordainketa epea handitzea esan nahi du, ez zorra barkatzea), eta 2020ko martxoaren 19tik aurrera eska daiteke, ohiko etxebizitza erosteko mailegu hipotekarioen ordainketarako, baina soilik COVID-19ak eragindako krisialdiaren ondorioz ordainketak burutzeko zailtasun bereziak dituztenentzat. Kasu hauetan, zordunari aplikatzeaz gain, zordun nagusiaren fidatzaileari eta berme-emaileari ere aplikatuko zaie. Garrantzitsua da adieraztea, luzamendua ohiko etxebizitzen kasuan bakarrik eska daitekeela, ez lokaletarako edo bigarren etxebizitzetarako. Neurri hau indarrean hilabetez egongo da printzipioz, 2020ko apirilaren 17 arte.

TELEKOMUNIKAZIOAK: Telekomunikazio zerbitzuen eskaintza bermatuko da. Gauzatzen ari ez den nolanahiko zenbaki finko edo mugikorren portabilitatea bertan behera geldituko da, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Zerbitzuak kontratatzeko ezohiko kanpaina komertzialak debekatuta gelditu dira.

MERKATARITZA: Alarma egoeran zehar, eta auzi eta administrazio epeen etetearekin bat etorriz, eten egin dira zenbait merkatal establezimenduk erositako produktuak itzuli edo aldatzeko politika komertzialaren arabera ezarritako epeak, izan aurrez aurre edo online. Beste hainbeste gertatu da atzera egiteko eskubidea gauzatzeko epe legalarekin (merkatal establezimendutik kanpo edo distantziara egindako erosketak bertan behera uztea).

Gainera, alarma egoeraren aurretik erositako produktu guztietan, itzulketa epea egun hauetan agortzen denean, itzulketa eskatzeko epea luzatu egingo da. Epe hauek berriro indarrean sartuko dira alarma egoera bertan behera gelditzen denean.

BESTERIK (NAN eta Gidabaimena, IAT): 2020ko martxoaren14tik aurrera iraungitako NAN-ei dagokienez, 2021eko martxoaren 13 arte indarrean egongo dira. Gidabaimenei dagokienez, alarma egoeran (eta haren luzapenetan) zehar iraungitakoen kasuan, automatikoki luzatuko da haien indarraldia, alarma egoera amaitzen denetik hirurogei egun gehiagoz.

Ibilgailuen Azterketa Teknikoei dagokienez, hauek etenda geldituko dira alarma egoerak dirauen artean. Eta Administrazioak azterketa egiteko ezarritako epeak etenda gelditu direnez alarma egoerak dirauen artean, iraungitako azterketarekin dabiltzan ibilgailuak arazorik gabe gidatu ahal izango dira.