Albisteak
Atzealdea

1800 pegatina indarkeria matxistaren aurka lanean jarraitzeko

‘Ez zaude bakarrik’ dinamika aurkeztu du Ibarrako Udalak, eta hainbat atal ditu, horien artean, hitzaldiak, argibide-bideoak, web orrialde berezitua eta herritarrei zuzendutako gutuna.

2022·01·03


Indarkeria matxistaren aurka lanean jarraitzeko Ez zaude bakarrik dinamika aurkeztu du Ibarrako udalak. Kanpainak indarkeriaren aurkako koordinazio protokoloa du oinarri, eta helburu ditu, besteak beste, herritarrak heztea nola jokatu jakiteko balizko erasoen aurrean eta irisgarriagoa izatea aipatu protokoloa.

Dinamikak hainbat atal ditu, kasurako, Ibarrako etxe eta lantegi guztietara helduko den gutuna, eta web orrialde berezitua. Eskutitzean bidaliko dira, batetik, kanpainako egitasmoetan parte hartzeko gonbidapena, eta, bestetik, pegatina, zeinak QR kode bat izango duen web orrialdera sartzeko. Web orrialdean denetariko edukia izango du erabiltzaileak: lehenik, lau bideo labur, zeinak azalduko duten nola jokatu behar den indarkeria fisikoen, psikologikoen eta sexualen aurrean; jarraian, gida bat zeinak argitzen duen zein baliabide dauden herrian, eskualdean eta erkidegoan kasu horiei aurre egiteko.

Agurtzane Arribillaga parekidetasun eta aniztasun zinegotziak aurkeztu du egitasmoa, eta nabarmendu du xedea komunitatea heztea dela: “Herritarrak hezi nahi ditugu erasoen aurrean jarrera aktibo bat har dezaten, eta ahal duten egokien lagun diezaioten erasoa jasan duenari”. Azaldu du, baita ere, kanpaina diseinatzeko unean udalak herriko identitate ezberdinak kontuan izan dituela, eta horren adibide da, esaterako, bideoak euskaraz badira ere, bost hizkuntzatan izatea azpitituluak: gazteleraz, ingelesez, frantsesez, errumanieraz eta arabieraz.

Igor Zapirain alkateak ere hartu du hitza, eta goraipatu egin du parekidetasun sailak kanpaina diseinatzeko egindako lan eskerga. Bide beretik, nabarmendu du tresna erabilgarria dela oso, eta onuragarria dela herritarrek eskura izatea.

Biak ala biak jabetzen dira indarkeria matxistaren detekzioan bizilagunen zeregina oso garrantzitsua izan daitekeela, baina zaila dela nola jokatu jakitea. Horri konponbidea bilatzeko hitzaldiak antolatu dituzte:

‘Nola jokatu bizilagun gisa genero-indarkeriako kasu batean’

Urtarrilak 18, 19:00etan (euskaraz).

Otsailak 1, 19:00etan (gaztelaniaz).

Ibarrako Plazako aterpean.

 

Ez zaude bakarrik web orrialdera joateko egin klik irudian: