"Oporretan euskaraz" eta "GazteZulo udan" aldaketekin, baina badatoz
2020·06·12
Covid-19agatik sortutako osasun larrialdi egoera honen barruan, asko dira bertan behera utzi behar izan diren ekimenak. Baina Ibarrako Udala, oporretan euskaraz egitasmoak herriko familientzat duen garrantziaz jabe da eta saiakera berezi bat egiteko ahaleginetan ari gara, gure esku dagoena eginez aurrera atera dadin. Beharrezko irizpideak jarraituz, talde txikiagoetan eta epe laburragoan izan beharko du aurtengo udako aisialdi eskaintzak, baina zerbitzua eman gabe ez genuke nahi geratu behintzat. Berdina gertatzen da GazteZulo zerbitzuarekin ere.
Aurtengo proposamena azaldu aurretik, ordea, Eusko Jaurlaritzak ateratzekoa duen dekretuaren ondorioz aldaketak egon daitezkeela adierazi behar dugu. Baina antolakuntza lanek denbora eskatzen digutenez, lanean hask gara.
Oporretan euskaraz 2020
Zerbitzua 2 urtetik 10 urte arteko haurrei dago zuzenduta, HH2tik LH4ra. 3, 4 eta 5 urteko haurrek egungo egoeran maskarillarik ez dutenez erabiltzen, hauen egoerari soluzio eman nahi ari gara. Momentuz izena eman dezatela eskatzen diegu, eta aurrerago aztertuko da egoera.
Aurtengoan, bi hamabostalditan banatuko da, beraz, ez da izango orain artean bezala hilabeteko iraupenekoa. Bi aldi izango dira, beraz: lehena, uztailaren 1etik 14ra eta bigarrena, uztailaren 15etik 29ra. Haur bakoitzak, printzipioz, hamabostaldi bakarrean hartuko du parte.
Bi aldietan, 50 haurrentzat egongo da lekua, eta haurrak 5eko taldeetan antolatuko dira, eta 5eko talde bakoitzak begirale bat izango du. Haur bakoitzak egunero bi maskarilla eraman beharko ditu. Eskuen garbiketa egingo da eta segurtasun tartea errespetatzen duten jolasak egingo dituzte.
Bizitzen ari garen errealitatea ikusita, oporrak euskaraz zerbitzuan behar gehien dutenei emango zaie lehentasuna. Hala, egoera zaulgarrian dauden haurrek eta zaintza eta lanaren kontziliazioan arazoak dituzten familietako haurrek izango dute lehentasuna. Ondoren, gainerako haurren artean zozketa egingo da 50 haurreko kopurua iritsi arte.
Hamabostaldi batean lekurik izan ez duenak, beste hamabostaldiko taldean lekurik geratzen den ikusi arte itxaron beharko dute plaza edukitzeko.
Prozedura desberdin bat da aurtengoa eta matrikulatzeko garaian ere desberdin egingo da. Lehenik eta behin, aurrematrikulazioa egin beharko da, zenbaterainoko eskaera dagoen jakitun izateko antolakuntza taldea. Hau, ekainaren 15, 16 eta 17 egunen barruan egin beharko da. Bi aukera hauen bidez:
- Formulario hau betez: FORMULARIOA
- Udaletxera bertaratuta, 11:00-13:00 eta 16:00-18:00 ordutegian.
Behin aurrematrikula egin ondoren, ekainaren 19tik 22ra familiekin hartu-emanetan jarriko gara. 23an zozketa burutuko da eta azkenik, 24 eta 25ean matrikulazioa egingo dute zerbitzuan lekua duten familiek.
Azkenik, ekainaren 29 eta 30ean harremanetan jarriko dira antolakuntzatik, uztailaren 1ean haurrek nora agertu behar duten adierazteko. Izan ere, herriko toki desberdinetan elkartuko dira 5 haurreko taldeak euren begiraleekin, gainerako haurrekin kontakturik ez izateko.
GazteZulo udan
