Albisteak
Atzealdea
"Ibarra ez da makala!" batera gauzatuko den egitasmoa
Elkarte, talde, zerbitzu edo norbanako bakoitzak bere gaitasunak elkarlanean herritarren zerbitzura jarriko dituen egitasmoa
2020·04·17
Gaur egungo egoera dela eta, Ibarran ditugun gaitasunak azaleratzen jarraitzeko unea dela ikusten dugu. Hori dela eta, Kultur Etxeak eta Gazte Zulo Zerbitzuak koordinatuta, “Ibarra ez da makala!” egitasmoa antolatzea pentsatu dugu.
Gure elkarteetatik, taldeetatik, zerbitzuetatik edota norbanakoen egitasmoetatik herrira gure indarrak zabaltzen ari gara, ideia desberdinak martxan jarriz, bakoitzak bere ezagutzak zabalduz. Modu honetara, gure hartzaileei itxialdian gure baliabideak eskaini, eta egoera hau ahalik eta eramangarrien egiten saiatzen ari gara.
Bakoitza bere esparrutik egiten ari den ahalegina kontuan hartuta, itxialdiak iraungo duen bitartean gure indarrak batzea da asmoa. Zerbitzu, elkarte edota norbanako bakoitzak, bere gaitasunak herriaren eskura jartzeko sortu nahi da egitasmo hau, baina kasu honetan denak eskutik emanda eta elkarlanean.
Egitasmoaren nondik norakoak:
1. Helburua: Elkarte, talde, zerbitzu edo norbanako bakoitzak bere gaitasunak elkarlanean herritarren zerbitzura jartzea.
2. Herritarrengana nola iritsi: sare sozial bateratu bat sortu edota udalak dituenak erabiliz, herritarrei gure baliabideak eskaini.
3. Noiz: Maiatzetik aurrera.
4. Nola: Elkarte, taldea, zerbitzu edota norbanako bakoitzak, zuzenean emititu edo bideo bat grabatuko du, modu honetara, maiatzeko egun bakoitzean emisio bat eginez.
5. Gaiak: mota guztietakoak. Etxean egin daitezken kirol saioak, dantza klaseak, musika tailerrak, sukaldaritza saioak, musika emanaldiak, jolasen azalpenak, haurrentzako eskulanak, ipuin kontaketak, bertso saioak, abestiak, kultura tailerren saioak, josten ikasteko saioak, yoga klaseak... Ezinezkoa denak aipatzea.
6. Denon artean adostutako egutegi bat sortuko litzateke, egun bakoitzeko emisioa elkarte, zerbitzu edota norbanako batek egun horretarako emisoaren ardura hartuz (zuzeneko emanaldi bat eginda edota aurretik sortutako bideo bat grabatuta eta hau egun horretan emititua).
Apirilak irauten duen bitartean, egitasmoa antolatu nahi da. Horretarako, herriko eragile desberdinen eta herritarren inplikazioa beharrezkoa da dinamika hau aurrera eramateko.
Zuen elkarteetatik, taldeetatik, zerbitzuetatik edota etxeetatik egitasmo honetan parte hartzeko prest bazaudete, jarri harremanetan kultura@ibarra.eus korreora edota 669479507 whatsappera idatziz.
Ea denon artean itxialdia arintzea lortzen dugun!!!!!!
Elkarren berri izango dugulakoan eta egitasmoaren partaide izango zaretelakoan, eskerrik asko aldez aurretik eta laster arte.