Albisteak
Atzealdea

“Eredu izan nahi dugu hizkuntza-politikan”

Joan den urteko abenduan bihurtu zen Ibarrako udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide. Kristina Martinez Arnaiz euskara eta hezkuntza zinegotziak arrazoiei buruz hitz egin du.

2022·01·24


Joan den urteko abenduan bihurtu zen Ibarrako udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide. Urte berriko lehen hilabetea joan den honetan, kide izateko arrazoiei eta helburu berriei buruz aritu da Kristina Martinez Arnaiz euskara eta hezkuntza zinegotziak. Aipatu du, besteak beste, aurkezpenak egingo dituztela zalantzak argitzeko: lehen aurkezpena udaleko langileentzat izango da eta ostegun honetan egingo dute; bigarren aurkezpena, berriz, herritarrentzat izango da, eta aurrerago iragarriko dute data.

Zergatik erabaki zuen udalak UEMAko kide izatea?

Ibarra herri euskalduna da, eta euskaraz bizi nahi du; arnas-gune izaten ere badu ibilbidea. Hori kontuan hartuta momentu ona iruditu zitzaigun UEMAn sartzeko, besteak beste, horrela eskura izango ditugulako baliabide aberasgarri gehiago eta gainerako herriekiko harremana hobea izango delako.

Zer esango zenioke UEMAn sartzeak kezkatu duen herritar bati?

Ez duela kezkatzeko arrazoirik. Mankomunitatean sartzeak esan nahi du eredu izan nahi dugula hizkuntza-politikan. Euskaraz bizitzeko erraztasunak jarriko ditugu, baina beti errespetatuko dira euskaraz bizi ez direnak ere; horiek ez dute eragozpenik izango.

Zer lortu nahi du udalak UEMAn sartuta?

Hizkuntza-plangintza eraginkor bat diseinatzea, hori aurrera eramatea eta eguneratuta mantentzea. Aurretik ere jorratzen dugun gai bat da: hezkuntzan, esaterako, hasita dago lanketa hori, baita kultur kontsumoan ere. UEMAren laguntzaz beste arloetara zabaldu nahi dugu plangintza hori. Helbururik behinena zera da: edozein ibartarrek euskaraz aritzeko erraztasunak izatea edozein tokitan. Oso lagungarria izango da prozesu horretan mankomunitatearen eskutik joatea.

Epe motzean zein helburu ditu udalak?

Hizkuntza-politika zuzenak eta eraginkorrak sustatzea hainbat arlotan, esaterako, aisialdian, hezkuntzan, kirolean eta lan-munduan. Harrera-plan egoki bat ere diseinatu nahi dugu herrira iritsi berriak integratzeko; jasotzen duten lehen ongietorria euskararena izatea nahi dugu. Asmoa da plan hori elkarlanean osatzea hainbat eragilerekin, besteak beste, Osakidetza eta ikastola; eta UEMAk ere baditu hori garatzen laguntzeko baliabideak.

Lan-munduan ere eman nahi ditugu aurrerapausoak. Orain arte enpresei laguntzak eman zaizkie haien lanean euskara txertatzeko; bada, hemendik aurrera, hor ere ahalegin handiagoa egin nahi dugu, enpresentzat euskara balio erantsi bat izan dadin, eta ez soilik tresna bat.