Noticias
Atrás

PIPARRA liburua, urriko uzta

Josu Ozaita ibartarrak idatzi du herriko altxorrari buruzko liburua

14·10·2020



Igor Zapirain Ibarrako Alkateak eta josu Ozaita antropologo ibartarrak PIPARRA liburua aurkeztu dute. 
Alkateak hartu du hitza hasteko eta ibartarrentzat eta Udalarentzat, Ibarrako Piparra herriko altxorra dela adierazi du.  “Gure kultura eta izatearen parte da eta honen ezagutza, transmisio eta zabalpenean liburu hau ekarpen nabaria izango delakoan gaude” gehitu du.

Sustapen lan horri buruz, orain dela 2 urte inguru mugarria izan zen Ibarrako Piparraren Mahaiaren sorrera  aipatu du. Ordurarte urte askotan zehar Piparraren zabalpenean  lan egin zuten pertsona eta taldeak elkartu eta guztien indarrak batzeko gunea sortu baitzen bertan.

Baina Ibarrako Piparrari buruz idatzitako liburuaren ideia lehenagotik ere ba omen zegoen, garai hartan Alkate zen Mikel Agirrezabalak eta Josuk buruan zuten ordurako 789 elkartearen ideiari jarriatuz.


BALIOAN JARRI ETA ZABALDU

Udalak akuilu lanak hartu zituen, beraz, “guretzat altxorra den PIPARRAren zabalpen eta transmisio lanak egitea, bai herrian, belaunaldiz-belaunaldi eta baita herritik kanpo ere” azaldu du helburua Zapirainek. Ekoizle, sustatzaile, sortzaile asko ditu Ibarrako Piparrak bere bueltan, eta horiei balore eta indar ematea du Udalak helburutzat eta liburu honen bidez ere, hori egiten saiatu direla gehitu du: “Ibarrako Piparrak bere bueltan eta historian zehar batu duen guztia balioan jarri eta zabaltzea”. 

Ondoren, Josu Ozaita, liburuaren egileak hartu du hitza. Aurrez Igor Zapirainek azaldutakoari gehituz, liburua idazteko ideia nondik sortu zen azaldu du. Izan ere, 789 elkarteak piparraren oinarri teorikoa, historia biltzeko beharra azpimarratzen zuten. Orduan, Antropologia ikasketak amaitzen ari zenez Ozaita, gradu amaierako lana “Ibarrako Piparra antropologia ikuspegitik” lana egitea erabaki zuen. 

2016 urte amaieran, orduan alkate zen Mikel Agirrezabalak 789 elkarteak ikusten zuen beharra partekatzen zuenez, Ozaitari liburua egiteko hitzarmena proposatu zion. Liburu informala izango zen, freskoa, gozatzeakoa, piparra bezala. “Testuak oso lagunartekoak dira, eta argazki asko daude, edozeinek gustura irakurtzeko” gehitu du egileak.


IKERKETA LANA

Liburua gauzatzeko jarraitu zuen metodologia 5 eremutan banatzen den ikerketa lan bezala deskribatzen du. Marko teorikoan, batez ere elikagaien antropologia lantzen duten bibliografia erabili du. Bestetik, elkarrizketa bidezko ezagutza jaso du, baratzainekin, herritarrekin, pipar produktoreekin izandako berriketaldiei esker.  
Hausnarketa dinamika desberdinak burutu zituzten baita ere, 789 elkartearekin, Udal taldearekin, Ikastolarekin, gazteen ikuspegia jasotzeko eta abar.  Liburuaren egileak, behaketa parte-hartzailea ere egin zuen, piparra biltzen aritu zen astebetez, Ezpeletako azokan, Bilboko jaietako postuan eta herriko azokan parte hartuz esaterako. 
Eta azkenik, Xepla elkarteak antolatzen duen azokan egiten den pintxo lehiaketako pintxo bilketa egin dute libururako. Azken urteetako hoberenak elkartu eta  berriz prestatu zituzten errezetak. Metodologiarekin amaitzeko, Josu Ozaita egileak, Jesus Peñagarikano eskertu nahi izan du, testuak txukunzen lagundu baitu.


BARATZEKO IZKINATIK, KULTUR MOTORE IZATERA

Liburuan murgilduz, Ozaitak Ibarrako Piparraren historia laburbildu du: “Baratze herria da Ibarra, herriaren erdigunean baratzeak daude. Eta baratze horretan, azken hamarkadetan piparrak hartu du protagonismoa. XX. mende hasieran baratzaren iskin batean, perejila moduan, gorritu arte uzten zen piparra. Ondoren, garrafoietan sartzen hasi ziren, eta oso aspaldikoa da San Bartolome egunean herriko tabernetan dastatzeko ohitura ere. Ondoren etorri ziren “langostino” hitza, Eusko Labelean sartzea eta herriko motor kulturalean bilakatzea. Piparra da Ibarra mapan jarri duena, Ibarra ezaguna bada, piparrarengatik izan da”.


LIBURUAREN MAMIA

Egileak, ondoren, liburuaren eduki nagusienak azaldu ditu. Ekoizleen istorioak jaso ditu, beraien bizitzen hurbilpen bat eginez: Txumitxa, Ibar lur kooperatiba, Zubelzu eta azkenik, sortu berria den Arane pipar hautsa. Pipar bilkeztaz ere ari da liburuan eta nola ez, biltzaileez. Lehen herriko gazteak aritzen baziren ere, gaur egun munduko hainbat txokotako langileak aritzen dira bilketa lanetan. Ozaitak baratzean ikusten diren itzalak humanizatu eta gerturatu egin nahi izan ditu, “Ikusezinak” izena eman dio atalari, “ez baitakigu nor diren eta ezta zein bizipen edo bizitza istorio duten ere”. 

Ildo honetatik jarraituta, antropologoak, Piparra “sinbolo kondentsatua” dela adierazi du, ez baitu ulertzen fruitu soil bezala, baizik eta “bere baitan historia, emozio, identitate eta istorio asko barnebiltzen dituena”. Eta nola ez, esperientzia eta emozio horiek ere bildu nahi izan ditu Ozaitak liburuan, festa, ibartar erruleta  edo beste zenbait ataletan zehar. Herrian piparraren bueltan antolatzen diren landaketa, azoka, lehiaketak ere batu ditu liburuan. 

Eta Ibarrako Piparraren zabalpen gastronomikoago batean lagungarri izan daitezkeen 32 errezeta ere jaso dira liburuan, azken pintxo lehiaketetako irabazleenak. 

 

Amaitzeko, Igor Zapirainek Josu Ozaitari eskerrak eman nahi izan dizkio egindako lan guztiagatik eta halako emaitza dotorea lortzeagatik. Jesus Peñagarikanok egindako lana ere eskertu nahi izan du eta nola ez, herriko ekoizleen eta 789 elkartearen lana goraipatu nahi izan ditu. Eta bide horretan, aipatu nahi izan du ere, liburuaren itxuran Chroma Estudioak egindako diseinu lan bikaina. 

Liburua urriaren 19tik aurrera, 8 euroren truke eskuragarri egongo da Ibarrako udaletxean eta Kultur Etxean eta baita Ibarrako honako lau saltoki hauetan ere: Barriola Harategia, Bitxori Frutadenda, Txumitxa Taberna eta Zubiaurre Taberna.