Ostegunean egingo dute hirugarren mahai-inguru irekia kultur agenda adosteko
08·06·2021
Ostegunean hirugarren kultur mahaia egingo du udalak herriko eragileekin zein norbanakoekin kultur egitaraua osatzen jarraitzeko. Mahai-ingurua 19:00etan hasiko da, udaletxearen ondoko aterpean.
Ibarrako Udalak duela aste batzuk jarri zuen martxan dinamika kultur egitaraua herritarrekin elkarlanean osatzeko. Norbanakoek eta eragileek proposamenak bidaltzeko tartea izan zuten, eta horiekin behin-behineko agenda osatu du udalak. Osteguneko mahai-inguruan egitarau-proposamena aurkeztuko du udalak eta, jarraian, guztien artean adostuko dituzte zein aldaketa egin behar zaizkion proposamenari.
Ohi bezala, gonbidatuta daude herriko norbanako zein eragile guztiak. Mahai-inguruan bermatuta egongo dira osasun-neurriak. Aurrekoen moduan, beharrezkoa da, aurrez, joateko asmoa adieraztea. Horregatik, kulturetxea@ibarra.eus helbidean edo kultur etxean izena ematea eskatzen dizuegu; on-line parte hartzeko aukera ere posible izango da norbaitek hala eskatuko balu.