Noticias
Atrás

Ibarrako piparraren mahaia sortu dugu

Piparraren inguruko dokumentazio eta liburua burutzeko lanean ere ari dira dagoeneko

23·03·2018


Pasa den asteartean, martxoaren 20, Ibarran piparraren bueltan aritzen diren herritarrekin lehen ekimena egin zuen Ibarrako Udalak. Piparraren mahaia sortzeko ekitaldia izan zen berau, eta bertan izan ziren herriko ekoizleak besteren artean.

Mikel Agirrezabal alkateak adierazi moduan, Ibarrak piparra behar duen bezalaxe behar du piparrak Ibarra ere eta nola ez, herritarrak. Horregatik, sortu berri den piparraren mahaia herritar guztiei irekita dagoela esan zuen.

Mahaiaren azalpenak ematerako, 789 elkarteko kideenganako esker oneko hitzak izan zituen alkateak: “akuili lana egin digute eta proiektu honetan sinesten lagundu digute”.

Ibarrako Udalak piparraren inguruko lanketan bi alor bereizi ditu. Alde batetik, dokumentazioa eta bestetik piparraren mahaia bera. Dokumentazioari dagokionez, Josu Ozaita antropologoa kontratatu da liburu bat idazteko helburuarekin. Piparren mahaiaren sortze ekitaldian Ozaitak berak adierazi moduan, liburuaren helburua, piparrak alor desberdinetan duen garrantzia ikustaraztea izango da. “Zerbait freskoa” egin nahi duela esan zuen, irakurterraza eta irudiz lagundua. Disfrutatuz irakutzeko moduko liburua izango dela esan zuen egileak. Besteak beste, honako gaien bueltan arituko da Josu Ozaita: Ibarrako piparraren historia, piparrak herriaren identitatean duen garrantzia, baratzeak, biltzaileak, 789 elkartea... Urte amaieran liburua kaleratzea izango da lehen asmoa.

Piparraren mahaiaren inguruan, berriz, Mikel Agirrezabal alkateak mahaiari esleitzen zaizkion helburuak azaldu zituen. Alde batetik, piparraren inguruko lanketa desberdinak bultzatzea egongoda. Bestetik, Ibarra piparraren hiriburu moduan indartzea eta azkenik, piparra elikatzeko ahaleginean kokatzea dira helburuak.

Mahaiaren sorrera honekin, piparraren bueltan, kohesio soziala eta herritarrek ibartar izatearen harrotasuna sustatu nahi da. Piparraren ospea indartzea ere lortzea espero da eta ekonomia dinamizatzea ere bai, produktoreak, merkatariak eta tabernarietan kokatuz berau.

Alkateak egindako proposamenean, piparraren mahaia urtean bitan bilduko litzateke. Eta azpi lan talde batzuk egongo lirateke, helburu nagusiei erantzunez. Hala, produktoreen mahaia, irakaskuntza eta trasmisioaren lan taldea, azokak eta zabalkuntzaz arduratuko den taldea eta komertzio eta tabernarien lan taldeak hartuko lukete parte.

Mikel Agirrezabalak, piparraren mahaia gune ireki bat izango dela adierazi du eta herritarren ekarpenak jasotzeko tarteak sustatuko direla esan du. Hala, aurrera begirako ideia batzuk ere partekatu ditu alkateak. Herritarrekin ideia bilketa egitea aurreikusten da eta baita Ikastolarekin landaketak egitea, pipar bilketa festa zein jardunaldiak ere.