Ibarra Martxan eta Mugi Tolosaren I. olinpiadak ospatu dira
13·06·2018
Gaur Ibarra Martxaneko parte-hartzaileek ez dute ohiko ibilbidea egin. Gaurkoan, Mugi Tolosako kideekin batera I. Olinpiadak ospatu baitituzte. Beotibar pilotalekuan elkartu dira guztiak eta zapiak lepoan, antolatutako jokoetan hartu dute parte bi herrietako lagunek. Ondoren, Herri Kirol Federazioaren erakustaldia bistaratuz, hamaiketakoa ere egin dute.
Bi herrietan garatzen diren osasun sustapen ekintza hauek ezagutu eta ikastetxeekin duten lana gertutik ezagutzeko Akitaniako delegazio bat bertaratu da. Ixiar Arratibel gizarte gaietako zinegotzia eta Tolosako alkate Olatz Peon beraiekin elkartu dira, Ibarra Martxanen eta Mugi Tolosaren berri emateko bisitariei. Boluntarioei eta ikastetxeetako ikasleen parte-hartzeari esker astero-astero ibilalditxoak egin ditzakete adineko pertsonek eta horrek belaunaldien arteko erlazioari egiten dion onura ere ezagutzeko aukera izan dute Akitaniako delegazioko kideek.
Ibarra Martxani, ikasturtea amaitzeko ibilaldi bakarra geratzen zaio, ekainaren 21an ikasturteko azkena izango baitugu. Hau, herrian burutuko dugu berriz ere eta iraila bitarte elkar agurtzeko zerbait berezia izango dugu berriz ere seguru.