IBARRA, AZOKA ETA PIPARRA 2017
08·09·2017
Herriko eta eskualdeko nekazari eta abeltzainek euren produktuak ezagutarazteko eta kontsumitzaileek kontsumitzen dutenaren jatorria eta ezaugarriak erakusteko asmoarekin abiatu zen duela hemezortzi urte Ibarrako Azoka.
Pixkanaka, handituz joan zen eta elikagaiak eta gure etxaldeetako ganadua ez ezik, artisauen lanak ere eskaintzen hasi ginen.
Geroago, herriari nortasun berezia ematen dion produktua izanik gure piparra eta sukaldaritzarako bidaide ona dela ikusirik, Euskal Herriko Lehiaketa Gastronomikoak ere lekua hartu zuen azokan. Eta aurrerago, Euskal Herriko Piper Topaketak txokoa bilatu zuen gurean.
Bistan denez, urte hauten Azokaren dimentsioa handituz joan da, leku aldaketak ere izan ditu gaur egungo kokapenean egonkortu arte: herriko Plazatik abiatu eta Emeterio Arrese plazaraino.
Emeterio Arrese parkearen atzealdean, ume zein helduen gustuko den abere erakusketa ere egongo da.
Herriko baserritarrek behiak, behorrak, ardiak eta ahuntzak, untxiak, txerriak... eramaten dituzte. Bestetik, ezin ahaztu jendearen gustuko izaten den hegazti erakusketa. Bertan oiloak, antzarak, ahateak... ikusteko aukera izango dugu.
Herritarrak azokako txoko honetara gerturatzera animatzen ditugu, Ibarrako baserritarren lana ezagutzeko aukera polita izaten baita.
LEHIAKETA GASTRONOMIKOA
Guztiak du garrantzia Azoka honetan, baina aurtengoan Lehiaketa Gastronomikoak aldaketak izango ditu eta horiek azpimarratu nahi ditugu. Parte hartzen duten sukaldariek Ibarrako piparrarekin 6 pintxo berdin eta piperrada egin behar izaten zuten.
Ozpinetan ondutako Ibarrako piparrak duen ospea ikusirik, aurtengoan piparradaren ordez, Ibarrako 8 Gilda egin beharko dira. Ez da erronka makala izango sukaldari hauentzat.
Pipar lehiaketa honi buruz, Xepla elkarteak adierazi digunez, egunak pasa ahala lehiaketan parte hartzeko izen-ematea martxa onean doa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Gipuzkoako ordezkariak baditugu jada zerrendan.
Sukalde gutxi batzuk geratzen direlarik libre, izena emateko epea irailaren 12an bukatzen dela gogorarazi nahi dugu.
Halaber, epai-mahaiko kideak zein izango diren izendatuta daude: Hilario Arbelaitz Oiartzungo Zuberoa jatetxekoa, Roberto Ruiz Tolosako Fronton jatetxekoa, Matias Gorrotxategi Tolosako Julian erretegikoa, Juanjo Mendioroz gastronomia kritikaria eta Imanol Zubelzu Basque Culinary Centerrekoa.
GILDEN TAILERRA
Bestalde, Gilden tailerra egingo da Emeterio Arrese parkean, goizeko 10:00etatik 12:00etara. Ibarrako Merkatari Elkartearen eskutik, 3 erosketa-txeke zozketatuko dira parte-hartzaileen artean.
12:00etatik 13:00etara berriz, egindako gildekin mosaiko erraldoia osatuko da. Eta amaitzeko, 13:00etan egindako gilden dastaketa egingo da.
BAZKARIRAKO TXARTELAK: Azoka ondoren egiten den bazkarirako txartelak Atari tabernan daude salgai 22 euroren truke.
Hortxe duzue bada, aurtengoan Ibarrako Azokak eskainiko dizuetena goizeko 10etatik aurrera. Zatozte eta seguru, zuen zentzumenek eskertuko dizuetela.