Hondakinen kudeaketa egokia egin dezagun herritar guztiok
02·10·2019
Ibarrako hiri-hondakinen kudeaketa egokia egitea ezinezkoa da gaur egun hainbat herritarrek hartutako jarrera pasiboaren ondorioz. Bizikidetza ona mantentzeko ahalegina herritar guztiek egin beharko genuke eta horren parte da hondakin frakzio bakoitza bere edukiontzira botatzea ere. Bizilagun askoren kexak jasotzen dira udalean eta Ibarrako Udalak, ahalegin guztiak egingo ditu ingurumenarekiko errespetuz eta bizikidetza egoki baten alde.
Ibarrako Udalak, lehen saiakera Azkue auzoko etxeetara gutunak bidaliz hasi du, ondoren, beste auzo batzuetara ere zabal daitekeen ahalegina izango dena. Azkue auzoa, esaterako, herriko puntu beltzetako bat bihurtu da; egunero zabor poltsak lurrean uzten dira, horrek dakartzan osasungarritasun- eta garbitasun- ezak kontuan hartu gabe.
Udal Korporazioak 2019ko maiatzaren 8an hiri-hondakin organikoa eta errefusa dagozkien edukiontzietan txartel bidez botatzeko ordutegia zabaldu zuen, proba gisa, arazoari irtenbide emango ziolakoan. Ez da horrela izan, are gehiago, ontzien eta papera/kartoien edukiontziak irekiak daude eta hondakin frakzio horiek ere lurrean uzten dituzte herritar batzuk, nahastutako beste hondakin frakzioekin batera.
Hiri-hondakinen udal ordenantzako 34.3 artikuluaren arabera, arau-hauste oso larria da “edozein hondakin-mota ez-arriskutsu kontrolik gabe utzi, bota edo deuseztatzea” eta 45.000 € bitarteko isuna izan dezake, Toki Erakundeko titularrak hala erabakiz gero.
Beraz, hiri-hondakin guztiak egoki sailkatzea eta bakoitza dagokion edukiontzira botatzea eskatzen da, guztion artean bizikidetza on bat lortze aldera.
Halaber, Ibarrako Udalaren erabateko disposizioa gogorarazi nahi da, jasotzeke edo galduta dauden hiri-hondakinen txartelak emateko; txartel hori oraindik jasotzeke dutenek, Udaletxera gerturatu daitezke jasotzera, eta galdu egin dutenei, berria egingo zaie euro 1en truke.