Hasi da Ibarrako piperraren landaketa garaia
16·05·2017
789 taldearen iniziatibaz, urtero moduan Ibarrako piperraren landaketari ekin zitzaion atzo. Landaketa kanpaina hasteko, Uzturpe Ikastolako DBH 3ko ikasleek eta Gureakeko kideak izan zituzten laguntzaile, aurtengo San Isidro egun honetan.
789 taldea, herriko gazteenei herriko izaeraren parte den Ibarrako piperraren inguruko informazioa eman eta herriarentzat duen garrantzia azaltzen saiatu zen. Eta hasierako ekimen honetan ohikoa denez, Barriola harakinak aurtengoan ere sorkuntza lana egin du eta Piper-wurst saltxitxak prestatu zituen, gerturatutako guztien gozagarri.
Landaketa lana egin zuten atzokoan Ikastolako ikasleek eta Gureakeko kideek, eta irailean, prozesu amaiera bizitzeko aukera izango dute, piperraren bilketara joanez, urteroko moduan.