Noticias
Atrás

Bueltan da Ibarrako azoka

Datorren igandean (hilak 19) izango da Emeterio Arrese parkean eta Erraketistak frontoian, 10:00etatik 14:00etara.

14·09·2021


Buelta da Ibarrako Azoka. Iaz etenaldia izan zuen egoerak hala behartuta; aurten ere egoerak bultzatuta beste urte batzuetan baino xumeagoa izango da, baina egitea erabaki dute. Udalak eta Hauspoa elkarteak ahalegina egin dute aurtengoa aurrera atera dadin, eta txikiagoa bada ere anitza izan dadin.

Gune bakarrean egingo dute azoka: Emeterio Arrese plazan eta Erraketistak frontoian. Guztira 30 postu baino gehiago bilduko dira igandean eta denetariko salgaiak eskainiko dituzte, besteak beste, elikagaiak, artisauatza-produktuak eta, jakina, piperrak.

Azokan aukera izango da aparteko artisau-produktuak ikusteko eta erosteko, eskuz egindako lanak baitira. Elikagaiei dagokienez, ekoizpen ekologikoaren eta jasangarriaren alde egin dugu, helburu izanik produktuak zuzenean guregana iristea bertako ekoizleen eskuetatik.

Covid-19a dela-eta, azokan lekurik gabe geratu dira hainbat lagun, zeinak gure artean izan diren urte askotan. Esan gabe doa aurrerago parte hartzeko aukera izango dutela, aurtengoa ez baita izango azokaren azken urtea. Bestalde, segurtasun-protokoloaren arabera, azoka-gunean ezingo dira elikagaiak dastatu, musukoa jarrita eraman beharko da uneoro, tarteak zaindu beharko dira eta pilaketak saihestu. Igandean bertan boluntario talde bat arituko da argibideak ematen azokara joandakoei.