Noticias
Atrás

Arineketan emanaldia, abenduaren 13an

Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikarien proiektu bateratua Ibarran ikusgai

24·11·2020


Arineketan Iñar Sastre eta Jagoba Astiazaran musikarien proiektu bateratua da. Elkar hartze horren fruitua, argitaratu berri duten izen bereko musika lana.. Aspaldiko adiskidetasuna du oinarri, eta elkarrekin sortu eta musika egiteko beharrari erantzuten dio.

Emanaldia, Ibarrako Belabieta kiroldegian izango da abenduaren 13an arratsaldeko 6etan. 

Emanaldirako gonbidapenak azaroaren 30etik aurrera banatuko dira kultur etxean. Ordutegia:

-Astelehena: 16:00-20:00

-Asteartea-ostirala: 10:30-13:00 eta 16:00-20:00

 

J.I. Iztueta folklore biltzailearen 250. urteurrena, eta haren “Guipuzcoaco dantza gogoangarrien condaira edo historia” liburua hartu dituzte abiapuntu. Hark jasotako doinu eta hitzek bidea ireki, euskal doinu eta erritmoak oinarri dituzten sorkuntza propioak gehitu dizkiote.

Kolaboratzaile bikainak izan dituzte proiektuan zehar. Eñaut Elorrieta eta Ainara Ortegaren ahotsak esaterako, baita Joana Ortega, Ivan Casado, Agate Amilibia eta Xabier Zeberio musikariak eta Haatik dantza konpainia ere.

Hortik aurrerakoa? Jolasa, broma, txantxa eta dibertsioa. Txistu eta Pianoaren arteko elkar-hartzea, eta ihesa. Bide batez, euskal folkloreko doinu zahar askori hautsak kendu eta gaur egungo dantza taldeei material berria eskura utziz.

 

PARTAIDEAK

Iñar Sastre (Pianoa)

Jagoba Astiazaran (Txistua)

Ainara Ortega (Ahotsa)

Xabier Zeberio (Biolina)

Agate Amilibia (Txeloa)

Dantzariak: Haatik dantza Konpainia (zuzendaria: Aiert Beobide)

 

 

BIOGRAFIAK

JAGOBA ASTIAZARAN (Txistua)

Txikitan musikaren marmitan eroria, erraz aurre egiten dio edozein erronkari. Herri musika zein akademikoaren ezagutza sakona du, hauek jendearekin partekatu eta disfrutatzeari sekula utzi gabe. Beti mila kontutan sartuta, ez da erraza bere agendan tarte bat bilatzea, baina beti du denbora besteekin eskuzabal izateko.

Donostiako Udalaren Txistulari Banda izan du ardatz, eta berritzaile izan da bere irakasle jardunean. Hainbat sari potolo ditu eskuratuak, sortzaile zein ikertzaile gisa.

Bere sortze lanak ere poliedrikoak dira, izan musika tradizionala, garaikidea zein herrikoia, proiektu bakoitzean bere izaeraren aurpegi ezberdina erakusten digu, horrela idatzi izan du Bilbo eta Euskadiko Orkestra Sinfoikoentzat, atzerriko eta etxeko ensemble entzutetsuentzat edo berdin txistu eta dantza taldeentzat ere. (Iñar Sastre)

 

IÑAR SASTRE (Pianoa)

Entzun ahala eskuetara darama musika Iñarrek, Donosti eta Paris artean piano eta inprobisazio klasikoan espezializaturiko musikaria izan arren, entzun eta dastatzen duen musika estilo guztien jabe egiteko ahalmena du.

Aniztasun horren erakusgarri dira jadanik kaleratu dituen 7 diskak, euskal musika tradizionaletik hasi eta pop musika internazionaleraino, musika klasiko eta garaikidetik pasata. Guztiak ditu bere.

Baina sormena da musikari honen altxorrik preziatuena eta erraietatik abiatzen da lan berriei ekiten dienean. Hala sortu ditu esaterako “Euskara Munduan” dokumentalerako edo NAN dantza ikuskizunetarako musikak.

Geldiezina izaki, herri kulturatik jaso ahala herriari itzultzen daki, beti ere bere eskuen galbahetik pasatzeak ematen dion ukitu gehigarriarekin. (Jagoba Astiazaran)