Noticias
Atrás

‘Sahara Libre’ zikloa antolatu du Udalak

Hainbat ekitaldi antolatu dira gaur egungo Mendebaldeko Saharako errealitatea ezagutaraztea helburu.

29·01·2021


Otsailaren 5ean hasiko da Sahara Libre zikloa. Ibarrako Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu Mendebaldeko Saharan gaur egun bizi duten errealitatea ezagutarazteko helburuarekin. Mendebaldeko Sahara: nondik gatoz, nora goaz hitzaldiarekin hasiko da zikloa eta Fatimetu Zenan Saharar Gazteria Aktiboko kideak emango du. Datorren ostiralean izango da, 18:00etan, Ibarrako Kultur Etxean.

Bigarren ekitaldia, berriz, astebete beranduago izango da: otsailaren 12an. Ostiral arratsalde horretarako egitarau interesgarria antolatu du Udalak. Lehenik, Haizearen egia film laburra eskainiko dute Kultur Etxean; emanaldia 18:00etan hasiko da. Hori amaitutakoan, solasaldia egingo da Hassanna Aaliarekin eta filmaren egileekin.

Bi ekitaldi horietako edukiera mugatua izango da, beraz, gomendatzen da aldez aurretik izena ematea. Gonbidapena eskuratzeko herriko Kultur Etxera deitu behar da, hain zuzen, 943 670 399 zenbakira; edo mezua bidali kultura@ibarra.eus helbidera.

Zikloa osatzen duen hirugarren ekimena argazki-muralen kale-erakusketa izango da. Javi Julio argazkilariaren irudiek Mendebaldeko Saharako errealitatea emakumeen begiradan islatuta adieraziko dute eta erakusketa ikusgarri kalean egongo da martxoa osoan zehar.