Noticias
Atrás

"Emakume sahararra erresistentzia sinboloa da gure borrokan"

Joan den ostiralean Mendebaldeko Saharari buruzko hitzaldia egin zuten.

08·02·2021


Ostiralean eman zioten hasiera 'Sahara Libre' zikloari herrian. Mendebaldeko Sahara: nondik gatoz, nora goaz hitzaldia egin zuten herriko kultur etxean. 

Fatimetu Zenanen eskutik Mendebaldeko Saharako errealitatearen berri eduki zuten bertaratu zirenek. Hitzaldiak Saharar herria jasaten ari den informazio-blokeoa, neurri batean, salatzeko eta apurtzeko balio izan zuen. 

Zenanek egoera ulertzeko hainbat gako azaldu zituen: "Sahararrok bizi duguna, izatez, ez da krisi humanitario bat bakarrik. NBEren begien aurrean Marokok ustiatu egiten ditu saharar arrantza-, fosfato- eta petroleo-ustiapenak". Gatazkaren jatorria azaltzen ere saiatu zen hizlaria, haren hitzetan, krisi politiko "sakon eta luze" baten ondorioa da bizitzen ari diren krisi humanitarioa. 

Emakumearen rolaz ere aritu ziren eta Zenanek horrela borobildu zuen hitzaldia: "Emakume sahararra erresistentziaren sinboloa da gure borrokan". 

Antolatzaileek adierazi dute "gustura" daudela hitzaldiaren emaitzarekin. Zikloko hurrengo ekitaldia datorren ostiralean izango da: Haizearen egia filma emango dute kultur etxean, 18:00etan.