Asset Publisher
Back Udalak herriko kirolarien eta kirol taldeen lana, ibilbidea eta lorpenak aitortu ditu aurten lehen aldiz
2026·09·25

Udalak herriko kirolarien eta kirol taldeen lana, ibilbidea eta lorpenak aitortu ditu aurten lehen aldiz. 2026ko kirol aitortzek lau protagonista izan dituzte: Lauburu K.E. Ibarra, Naia Amondarain Gaztañaga, Ibarrako Herri Kirolak eta Sokatira taldeko emakumezkoen taldea, eta Miguel Urquizar Urruzola.
Aitortza hauen bidez, gaur egungo kirol lorpen nabarmenak ez ezik, urteetan egindako lana, esfortzua eta kirolarekiko konpromisoa ere balioan jarri nahi izan dira.
Lauburu K.E. Ibarra — Areto futbola
Lauburu K.E. Ibarra omendu da 2025-2026 denboraldian lortutako emaitza bikainengatik. Taldea 2B Nazional Mailako Ligako txapeldun izan da.
Ligako titulua eskuratu ondoren, igoera lortzeko play-offak jokatu zituen taldeak. Igoera lortu ez bazuen ere, denboraldi bikaina borobildu du Lauburuk, bere zaleekin batera gozatzeko moduko urtea osatuz.


Ibarrako Herri Kirolak eta Sokatira — Emakumezkoen taldea
Martxoan Taiwanen jokatutako 2026 Taipei World Indoor Tug of War Championships txapelketan parte hartu zuten Ibarrako kirolariek. Emakumezkoen taldeak hirugarren postua lortu zuen Ibarra ordezkatuz 540 kiloko kategorian, eta hainbat taldekidek bigarren postua eskuratu zuten Euskal Selekzioarekin, 500 eta 540 kiloko kategorietan.


Miguel Urquizar Urruzola — Ziklokrossa
Aurtengo aitortzek iraganera begiratzeko aukera ere eman dute. Miguel Urquizar Urruzola omendu da ziklo-krosean egindako kirol ibilbideagatik.
Urquizar profesionala izan zen 1956tik 1962ra, eta errepideko txirrindularitzako itzuli handietan zein munduko ziklo-kros txapelketetan parte hartu zuen. Besteak beste, bost aldiz sailkatu zen Espainiako Ziklo-kros Txapelketako lehen hamar postuen artean, eta 1960an bigarren postua lortu zuen.


Naia Amondarain Gaztañaga — Txirrindularitza
Naia Amondarain Gaztañagaren kasuan, kirol emaitzez gain, zailtasunen aurrean erakutsitako kemena eta jarraitzeko gaitasuna aitortu nahi izan dira.
Lesio baten aurka borrokatu ondoren, bizikletaz berriro gozatzeko eta lehiara itzultzeko egindako lana nabarmendu da. 2026an Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioarekin lehiatu da, nazioarteko hainbat probatan emaitza aipagarriak lortuz, hala nola Italiako Giroa eta Frantziako Tourra.


Zorionak omendu guztiei, egindako ibilbideagatik, lortutako emaitzengatik eta herriko kirolari egindako ekarpenagatik.
