Asset Publisher
Back Liburutegi tutorizatuaren parte izan nahi duzu datorren ikasturtean?
2024·06·06
Zer da liburutegi tutorizatua?
Pandemia garaian sortutako proiektu komunitarioa da. Bertan, adin desberdinetako haurrei etxeko lanak egiteko espazio seguru, inklusibo eta doakoa eskaintzea du helburu.
Urritik ekainera, astean behin, Lehen Hezkuntzako haur eta gaztetxoak (LH5 eta LH6) elkarrekin lanak egiteko biltzen dira Txontxoko lokalean. Bertan, elkarrekin, elkarri lagunduz eta elkar zainduz eskolako etxeko lanak egiten dituzte, eskolaz kanpoko ekintza horretan.
Urtez urte indartzen joan den proiektua da, eta hasieran etxeko lanak egitera bakarrik mugatzen bazen ere, azken urteotan, bi astean behin, tertulia filosofikoak egiten dituzte. Horrela, haurrak gai desberdinen inguruan hausnartu eta hitz egitera animatzen dituzte.
Gurasoen inplikazioa ezinbestekoa
Proiektuak hiru zutabe nagusi ditu: Ikastetxeak, udala eta proiektuari heltzeko ezinbestekoak den komunitatea (gurasoak, haurrak, irakasleak, familiak, liburuzaina….). Proiektua gutxitik gehiagora doa. Azken ikasturte honetan, zehazki 60 haur eta gaztetxok hartu dute parte proiektuan. Hala ere, proiektua bideragarri egiteko ezinbesteko hanka ahul dago oso. Hau da, guraso edo komunitateko kide boluntarioen parte hartzea handitzea ezinbestekoa izango da datorren urtean proiektuak aurrera egingo badu. Zehazki, etxeko lanen saioetako bidelagun boluntarioak behar dira.
Zein da boluntarioen lana?
Boluntarioek ez dute irakasle lanik egiten. Beren zeregina liburutegi tutorizatuak irauten duen bitartean ekitatea, elkartasuna eta elkarlaguntza sustatzea dira. Haurrek beraiek egiten dituzte beren lanak, zaintza eta goxotasuna eskaintzea da helburua.
Beraz, animatu eta izan proiektu honen parte aktibo, haur eta gaztetxoek liburutegi tutorizatuaz gozatzeko aukera izan dezaten.