Asset Publisher

kakorratzez egindako eguberri pinuaren proiektuaren aurkezpena

2
Gaur aurkeztu da Euskal Herria 2 kalean urtero jartzen den pinua aurten kakorratzez eginiko apaingarriz apaintzeko proiektua

2024·05·30


Badira urteak udalak ikastola eta Garagunerekin elkarlanean Eguberritako apaingarriak egin eta herrian zehar jartzen dituela, eta oraindik urrun badaude ere jarri gara Eguberriei begira. Ingurumena eta jasangarritasuna kontuan izanda apaingarri hauek egiteko erabiltzen genuen materialari buelta bat eman nahi izan diogu. Horretarako, Garagunekoekin hitz egin eta ideia berriren bat lantzeko proposamena egin genien, eta baita beraiek proposatu ere: Kakorratzez eginiko pinua.

Euskal Herria 2 kalean urtero jartzen dugun pinua aurten kakorratzez eginiko apaingarriz apainduko dugu.

Proposamena oso egokia iruditu zitzaigun baina polita izateaz gain, aukera ederra proiektua komunitatean egiteko, edonork parte hartzeko aukera ematen zigulako eta norbanako orok pinu horren zatitxo bat egin dezakeelako. Gainera, Garaguneko kideak horrelako proiektuak proposatzen dituztenean aitzakia izaten dira benetako helburua lortzeko, hau da, Garaguneko kideak ikusgarri egin eta gainontzeko herritarrekin erlazioak normaltasunez izatea. Eta ze hoberik horrelako proiektu bat baino?

Eta ideia mahai gainean izanda martxan jartzea hurrengo pausoa, baina ez Garagunekoak ez udalak ez geneukan horrelako proiektu batean esperientziarik, eta zenbait herritarri laguntza eskatu genien: ikastolari, Bizi Nahi elkarteari, josten ibili izan diren norbanakoei, etxez etxeko laguntzan ibiltzen direnei eta kultur tailerretan ibiltzen den taldetxo bati. Eta eskerrak, proiektuaren diseinuan ezinbestekoak izan baitira, pinua nola egin, ze material behar dugun eta ze forma izan behar duen erakutsi digute.

Eta orain, behin proiektua diseinatuta, herritarrekin partekatu eta martxan jartzeko ordua da, izan ere, laguntza handia beharko dugu ia 3 metroko pinua osatu nahi baitugu.

Horregatik, herritar orori dei egin nahi diogu, udalak materiala jarri eta edonork parte hartzeko aukera izan dezan. Ikastolakoak ekainean hasiko dira lanean, Garagunekoak hasi dira, eta ostegunero, Txontxoko lokalean 10:30etik 12:00etara bilduko dira. Herritar gonbidatuta zaudete bai kakorratza nola egin ikasteko, bai dakienak gainontzekoei erakusteko, bai elkarrekin lana egiteko baita norbaitek bere etxean egin nahiko balu materiala jasotzeko ere. Aukera eman nahi diogu parte hartu nahi duen edonori eta Garaguneko kideak prest daude horretan laguntzeko.

Baina ez dira bakarrak,  Bizi Nahi elkartean  ere taldetxo  bat elkartuko da astelehen eta asteazken arratsaldetan 16:30etik aurrera, eta hemen ere aukera bera izango dute herritarrek, ikasi, erakutsi, elkarrekin lan egin edo materiala jasotzeko.

Hala ere, norbaitek bere kabuz egin nahiko balu 15x15 neurriko laukiak egitea da helburua;  Bakoitzak nahi duen kolorean egin dezake baina proposamena azken zatia orlegiz egitea da, pinu izaera emateko.

Interesatuak edo informazio gehiago behar duenak aipatutako hitzorduez gain Udaleko ingurumen, merkataritza eta nekazaritza sailera deitu dezake 943671138 telefono zenbakira.

Ilusioz hartu dugun proiektua da, eta konpainia ederrean egiteko aukera ematen diguna, urrirako edo aurreikusten dugu karratuen zati handiena egina izatea, eta orduan, pinuari forma ematen hasteko garaia izango da. Denak gonbidatu nahi zaituztegu pinu honen zatitxo bat egitera, herritar guztion artean egitea komunitatea egitea delako, eta horren garrantzia azpimarratu nahi dugu pinu honek ematen digun aukera aprobetxatuz.

1 2