Asset Publisher

Back Herri eragileak batuta elkarlanerako eta koordinaziorako sortu dute Ibarra Herri Hezitzailea

Duela zenbait hilabetetatik herriko hainbat eragile elkarlanean hasiak dira. Su txikian, bileraz bilera, Ibarra herri hezitzaileagoa izan dadin lanketa komun bat egiteari ekin diote. Arlo eta helburu desberdinetako kideak izanagatik, askotan kezka, ezin eta poz berdinak dituztela ikusi dute, eta aurrera begira lanketa horretan jarraitzeko konpromisoa hartu dute.

2024·06·27


Urtarriletik ekainera bitartean, hona, hezkuntza bere modu zabalenean ulertuta herri mailako elkargunea artikulatzeko eta ezaugarritzeko lau lan saio burutu dituzte. Ibarra Herri Hezitzailea izena jarri diote elkarguneari, eta Ibarra hezitzaile baterako zorua adostu eta, hezkuntza eragile ezberdinen arteko estrategia partekatu bat eraiki dugu. Ibarrako hezkuntza komunitatea saretzeko eta herri moduan, hezkuntzarako estrategia bat adosteko.

Ibarra Herri Hezitzailea lan talde irekia da eta herriko edozein eragile animatzen dugu bertan parte hartzera. Momentuz eragile hauek osatzen dute lan taldea: Udala, Uzturpe Ikastola, osasun etxea, Nura Gizarte hezitzaileak, Gaztezulo, Zugatik Gugatik, UEMA, Galtzaundi eta Txiribitu. Udalak eta Oinherri herri hezitzaileen sareak elkarlanerako duten hitzarmenaren baitatik sortu zen abiapuntua eta Oinherri izan da lanketan bidelagun.

Herriko hezkuntza arloaren argazki bat egitea izan da lan talde honen lehen pausoa. Ibarra Herri Hezitzailearen indarguneak eta ahulguneak identifikatuz, eta erronkak lehenetsiz.

Ibarrak herri hezitzaile moduan sustatu nahi dituen balio hezitzaileak adostu ditugu.

  1. Herri anitza, berdintasunean hezten duena eta feminista
  2. Herri zaintzailea, jasangarria
  3. Parte hartzailea
  4. Euskalduna
  5. Herri identitatea, pertenentzia sustatzen duena

Gaurko talde argazki honekin Ibarra Herri Hezitzailea lan taldea aurkeztea nahi dugu eta azpimarratu nahi genuke, su motelean egingo den egitasmoa izango dela hau, denen erritmoak errespetatuz.

Elkargunea koordinaziorako eta elkargunerako gune izatea lortu nahi da. Baina orain arteko egindako lanketaren baitan, hitz egindako eta hausnartutakoaren ondorioz, datorren ikasturterako erronka berriak adostu dituzte. Hala, herri mailan, ertz eta maila desberdinetatik hezkidetzalantzeko erabakia hartu dute eta horretarako plangintza partekatu bat osatzen ari dira.