Asset Publisher
Back Euriteen ondoriozko konponketak Ibarran
2026·01·30

2025eko ekainean izandako eurite handien ondorioz, udalerriko azpiegitura publikoetan hainbat kalte sortu ziren. Kale-garbiketak eta hasierako larrialdi-lanak berehala egin baziren ere, zenbait obra egiteko geratu ziren, lanketa teknikoa behar zutelako.
Zehazki, Orieta eta Argindegiartetxe inguruko herri-bideetan gertatutako lerradurak konpontzeko egonkortze-lanak beharrezkoak dira, eta, horrez gain, Euskal Herria kalearen atzealdeko euri-uren sarearen hobekuntza egiteko jarduketa garrantzitsua aurreikusi da.
Gaur egun, Orietako lanak amaituta daude; Argindegiartetxeko proiektua onartuta dago, eta laster hasiko da kontratazio-prozesua; eta euri-uren sarearen hobekuntzarako proiektua ere laster onartzea aurreikusten da. Aurreikuspenen arabera, lan guztiak uda baino lehen amaituta egongo dira.
Ibarrako udalerrian,2025eko ekainaren 13an izandako prezipitazio handien ondoriozko larrialdi-jarduketen balorazio ekonomikoa 425.977,51 eurokoa da.
Gastu horiei aurre egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako Departamentuak 208.174,41 euroko dirulaguntza onartu dio Ibarrako Udalari.
Udalak herritarrei lan hauen bilakaeraren berri ematen jarraituko du, jarduketa hauen helburua udal-azpiegituren segurtasuna bermatzea eta etorkizunean gerta daitezkeen eurite gogorrei aurre egiteko gaitasuna hobetzea baita.
