Asset Publisher

Back Bizikleta aparkalekua Beko Bide Kalea 10 zk.ko Lokalean

Izen emateko epea martxoaren 16an irekiko eta martxoaren 31 bitartean egongo da zabalik

2026·03·04


Ibarrako Udalak urteak daramatza bizikletak aparkatzeko zerbitzua emanez, honako helburuarekin: 
    Bizikleten erabilera sustatzea eta horiek modu seguruan gordetzeko lekua eskaintzea.
    Aire libreko jarduera fisikoa sustatzea.
    Berotegi efektua eragiten duten gasen (BEG) emisioak murriztea: CO2 eta abar. 

Orain arte, bizikleta-plazak kalean jarri dira, bide publikoan. Hori zabaldu egin nahi da, udalerria beste aparkaleku kolektibo eta seguru batzuez hornituz, bizikletaz mugitzen diren herritar guztientzako bizikleta-plazen eskuragarritasuna hobetzeko.

Bizikletaren erabileran eragina izan dezakeen faktoreetako bat aparkaleku seguruak, erosoak eta herri osoan ondo banatuak sortzea da, bizikletetarako sarbidea errazteko.

Hortaz, Ibarrako Udalak Beko Bide kaleko 10. zenbakian duen lokalean bizikletentzako aparkaleku seguruak egokitzea erabaki du. Aparkaleku horiek moduluak izango dituzte, erabiltzaile guztien erosotasuna eta irisgarritasuna bermatzeko, baita lokalaren barruan sarbide kontrolatuak eta bideozaintza egiteko sistemak ere, segurtasunez aparkatzeko. 

Guztira 100 aparkaleku izango dira. 

Zerbitzua erabiltzeko eskatzen diren baldintzak:
a)    Ibarrako Udalarekin zerga betebehar eta gainerako guztiak egunean edukitzea.

b)    Hainbat pertsona fisiko etxebizitza berean biziz gero, erroldatutako pertsona adina bizikleta gordetzeko eskaera egin ahal izango da.

Gurasoek edo legezko tutoretza duten pertsonek adingabeei bizikleta-aparkalekua erabiltzeko baimena eman ahal izango diete. Kasu horretan, aparkalekua erabiltzeko erantzukizuna aitak/amak edo legezko tutoreak izango du. 

c)    Etxebizitza bakoitzak plaza bat izango du bermatuta automatikoki. Eskatzaile guztietatik eratorritako etxebizitza kopurua aparkaleku-plazak baino handiagoa bada, orduan zozketa bidez esleituko dira bizikleta-aparkalekuak.

d)    Adingabeen eskabideak aitak, amak edo tutoreak abalatuta aurkeztu beharko dira, eta pertsona heldua izango da araudi honen arduraduna.

e)    Ibarran lan egiten dutenek aukera izango dute bizikleta bertan uzteko, betiere, ibartarrek lehentasuna izanik. 


Izen emateko epea martxoaren 16an irekiko eta martxoaren 31 bitartean egongo da zabalik:
•    Lekua: Ibarrako Udaletxea.
•    Ordutegia: 9:00ak eta 14:00ak bitartean.


OHARRA: Aparkaleku hau ez da gordailua, bizikletaren erabilera bultzatzea du helburu. Horregatik, bizikletak denbora luzez erabiltzen ez direla ikusiz gero, edota egoera txarrean utziak daudela ikusiz gero, Udala harremanetan jarriko da jabearekin eta aparkatzeko eskubidea galduko du egoera zuzendu ezean.