Asset Publisher

Auzoko, ibartarren ostegun arratsaldeetako plana

Ostegunero elkartzen dira kultur etxean 17:00etatik 19:00etara bitarte. Gaur, gainera, hileko azken osteguna izanik, merienda egingo dute. Herritar guztiei irekiak dira saioak.

2024·02·29


Euskara komunikaziorako eta kohesiorako tresna izateko bidean, Ibarran hizkuntzarekin harremanik ez dutenek euskarara lehen pausoak ematea da egitasmoaren helburua. Astero bi orduko saio irekiak antolatzen dira Kultur Etxean, dinamika eta jolasen bitartez partaideen arteko harremanak sustatu eta bizikidetzarako espazioak sortzeko.

Euskarara gerturatzeaz gain, euskal kulturako gai ezberdinak lantzen dituzte saioetan, otsailean inauteriak landu zituzten, martxoan, korrikaren bueltan arituko dira, eta, apirilean, aldiz, herri kirolak izango dituzte hizpide.

Ibarrako Udaletik herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu Auzokoko saioetan parte hartzera, guztion artean komunitate bat sortzea baita ekimenaren helburua. Auzokon parte hartu nahi dutenek, zuzenean ostegunetako saioetara azaltzeko aukera dute. Hala ere, aurretik Auzokoko dinamizatzailearekin harremanetan jarri nahi duenak, galtzaundi@galtzaundi.eus-era idatzi edo 943 655 004 telefonora deitu dezake. Informazio gehiago behar izanez gero, Ibarrako Udaleko euskara sailera ere jo daiteke.