Asset Publisher
Back Arnasetik
2024·09·18
Euskararentzat arnasguneak diren udalerriak zein bertako herritarrak ahalduntzea eta dagokien aitortza egitea dira ekimen honen oinarri nagusiak. Hiztun komunitate sendo bati esker, euskaraz modu naturalean bizi daitezkeen udalerriek dute arnasgune izendapena, eta funtsezkoak dira Euskal Herri euskaldunago bat lortzeko. Arnasa Gara kanpainak balioan jarri nahi ditu herriok, eta errekonozimendua adierazi nahi die urteetan euskararen ongizatearen alde izandako jarrerarengatik. Sustatzaileak UEMA, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua dira.
Arnasetik bideosormen lehiaketa
Arnasetik bideo sormen lehiaketa da, euskararen arnasguneak osatzen dituzten udalerrietako gazteei zuzendua (LH-5etik DBH-4ra) eta udalerri euskaldunetako gazteen hizkuntza ohituren inguruan gogoeta piztu nahi du. Gaur egungo gazteen komunikazio-hizkuntzara eta teknologia berrietara egokitutako lehiaketa da, eta teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai desberdinak landuko dira. Hala, euskaraz ekoiztutako ikus-entzunezko piezen eta sormen lanen erakusleiho bihurtuko da Arnasetik. Gazteen etorkizunerako begirada sortzaileak pizteko asmoarekin, lehiaketan modu ezberdinetan parte-hartzeko aukera egongo da eta kategoria ezberdinetako sariak egongo dira. Horrek esan nahi du banaka, talde lanean edo-eta eskolartekoan jorratu daitezkeela lanak.
Sariak
2.000 euro egongo dira 4 kategorietan banatuta. Kategoria bakoitzak 500 euroko sari baliokidea izango du.
• LH 5-6 kategoriako lanik onena (500 euroko sari baliokidea).
• DBH 1-2 kategoriako lanik onena (500 euroko sari baliokidea).
• DBH 3-4 kategoriako lanik onena (500 euroko sari baliokidea).
• Publikoaren saria (500 euroko sari baliokidea).
Lanak aurkezteko epea
Irailaren 16tik urriaren 31ra
Informazio gehiago:
- arnasagara.eus
- Informazio gehiago jasotzen duen diptikoa (PDF).