Asset Publisher

Back 0-6 urte bitarteko haurrentzako eta familientzako zerbitzua

Ibarrako udalak, Ibarrako guraso talde baten eskaerari erantzunaz, 0-6 urte bitarteko haurrentzako eta hauen familientzako zerbitzua irekiko du, azaroaren 30ean

2026·11·02


Kaixo, ibartar agurgarri hori:

Ibarrako udalak, Ibarrako guraso talde baten eskaerari erantzunaz, 0-6 urte bitarteko haurrentzako eta hauen familientzako zerbitzua irekiko du, azaroaren 30ean. Zerbitzu hau, KZgune bezala ezagututako espazioan emango da, hemendik aurrera haurren eta familien zerbitzua bilakatuz.

  • Zer da 0-6 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua?
    Ibarrako adin tarte horretako haur zein familientzako lokal irekia, familiak autogestionatua. Haur eskolako eta Haur Hezkuntzako haurrei eta hauen familiei  zuzentzen zaie txoko hau.
     
  • Zer egitea egongo da bertan?
    Beti gurasoen ardurapean, espazioa jolaserako, esperimentaziotarako, ekintza komunitarioak aurrera eramateko edota edoskitzeko erabili ahal izango da. Bertako gurasoen artean zehaztuko da espazioaren erabilera.
     
  • Nola funtzionatuko du?
    - Zerbitzua erabiltzeko derrigorrez izena eman behar da.

    - Izen emateak, zerbitzuaren arautegia onartzea dakar. Baldin eta arautegia ez bada onartzen edo errespetatzen zerbitzua ezingo da erabili.

    - Espazioaren kudeaketa gurasoen esku dago. Materiala, garbiketa, komunikazioa, ekintzak... beti ere udalaren laguntza edukita. Horretarako, batzordeak eratuko dira, eta batzorde hauek zerbitzuaren jarraipena egingo dute. Batzordeetako parte hartzaileak bi hilabetez behin aldatuko dira, zerbitzuko izen ematearen hurrenkeraren arabera.

    - Zerbitzua asteko egun guztietan egongo da zabalik.

    - Zerbitzua irekitzeko eta ixteko giltza. Goizetan, udaletxetik hartu beharko da eta arratsaldeetan kultur etxetik. Asteburuetako giltza, adin tarteka kudeatu beharko da. Zerbitzua irekiko duen lehen pertsonak hartu beharko du giltza dagokion lekutik, eta zerbitzua uztera doan azken pertsonak giltza dagokion lekura bueltatu beharko du.
     
  • Izen emateak:
    - Izen ematea dohain izango da.

    - Azaroaren 10etik 24ra arte (bi egunak barne) egingo dira.

    - Izen emateko orriak, udaletxeko harreran eta kultur etxeko harreran egongo dira. Internet bidez eskatzeko: bete beheko eskaera orria eta aurkeztu erregistro elektroniko bitartez.

    - Izen ematearekin batera funtzionamendua eta arautegia onartzen dira.

    - Hurrengo izen emate epea Aste Santuan irekiko da.
     
  • Online eskaerak:

 

OHARRA: HERRI BILERA ETA MATERIAL BILKETA

Azaroaren 10ean, 18:00etan, herri bilera egingo da Kultur Etxeko areto nagusian, 0-6 urte bitarteko haurrentzako eta haien familientzako zerbitzu berriaren inguruan.

Bestalde, azaroaren 14an, goizean zehar, bigarren eskuko materiala biltzeko postua jarriko da plazan, espazio berria hornitzen hasteko. Egoera onean dauden liburuak, jostailuak, aulkitxoak, mahaitxoak eta antzeko materialak jasoko dira.

ARAUTEGIA ETA FUNTZIONAMENDUA

  • Zerbitzua gurasoek autogestionatuko dute.
  • Izen ematearekin batera arautegi hau onartzen da.
  • Zerbitzuaren funtzionamendu egoki baterako, hasiera batean, hurrengo batzordeak eratuko dira:
    • Material batzordea.
    • Garbiketa batzordea.
    • Komunikazio batzordea.
    • Giltzaren kudeaketarako batzordea.

Batzorde hauetan parte hartzea derrigorrezkoa izango da. Familia guztien zerrenda osatzean, batzordeetako parte hartzea hurrenkeraz osatuko da. Bi hilabetez behin batzordeetako arduradunek, zerbitzuaren jarraipena egiteko bilera egingo dute. Bilera horretan, batzordea osatuko duten pertsonak zehaztuko dira, zerrenda hartuta.

  • Zerbitzuan ezingo da jan.
  • Zerbitzuan ezin dira animaliak sartu.
  • Ordutegia: astean zehar zein asteburuetan
    • Goizetan: 9:00 - 13:30
    • Arratsaldeetan: 16:00 - 19:30
  • Giltzak:
    Giltzak, izena emanda dagoen pertsonak soilik hartu ahal izango ditu.
    - Astean zehar: giltza bakarra egongo da erabilgarria. Goizetan udaletxeko harreratik hartu eta bertan itzuliko dira. Arratsaldeetan, kultur etxeko harreratik hartu eta bertan itzuliko dira.
    - Asteburuetan: zero urteko haur guztien giltza bat banatuko da. Urte beteko haur guztien artean beste giltza bat. Horrela, adin tarte guztietan. Giltza hau, giltza batzordearekin batera kudeatuko da.
  • Asanblada:
    Sei hilabetez behin, komunikazio batzordeak asanblada deituko du. Asanblada horretan parte hartzea familia guztien derrigorrezko ardura izango da. Bertan zerbitzuaren funtzionamendu orokorraz eztabaidatuko da.
  • Aforoa X pertsonakoa izango da.
  • Zerbitzura sartu bezain pronto erabiltzailearen eta tutore arduradunaren izena zerrenda batean ezarriko dira, ailegatu diren orduarekin batera. Jendea sartzeko zain egonez gero, ordu eta erdiko tartea igaro ostean, zerbitzutik atera beharko dira, zain egon daitezkeen erabiltzaileei sartzeko aukera eskainita.
  • Espazioa, hasiera batean, familiek egoera onean dituzten jostailu, zein materialekin atonduko da.
  • Zerbitzuak erabilpen egokia baldin badu, eta herri mailan eragin positiboa sortzen badu, udalak zerbitzua indartzen jarraitzeko prestutasuna adierazten du.