Asset Publisher
Back 'Egin nirekin ere euskaraz!' kanpaina
2023·11·10
Euskaldunak dira Arlenys, Haider, Aimar, Aya, Nora, Sefora, Miruna, Randy, Ekhi, Manna, Anastasia, Andriy, Zunnurain, Lassana, Abdallah, Alaia, Rayan eta Leen, UEMAk gaur Ibarran aurkeztu duen Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari aurpegia jarri dioten lagunak.
Senegalen, Dominikar Errepublikan, Saharan, Pakistanen, Ukrainan, Marokon, Ekuadorren eta Euskal Herrian jaio dira, besteak beste. Bizi, berriz, Ondarroan, Leitzan, Ibarran, Zestoan eta Zaldibian bizi dira, baina gainerako udalerri euskaldunetan ere badira beste dozenaka Abdallah, Leen edota Arlenys, zorionez.
UEMAko lehendakari Martin Aramendik zehaztu du kanpaina honen abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dagoela. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera: "Bertako ikasleen herena kanpoko herrietatik etorritako gurasoen seme-alabak dira gaur egun, eta eskolak behar handia ikusi zuen horien gurasoengana heltzeko, haien kulturak errespetatuz, baina euskara erdigunean jartzeko beharra ere nabarmenduz. Zaldibiako egitasmoa beste hainbat herritara zabaldu dugu azken bi ikasturteotan, eta esan dezakegu egundoko eragina eta oihartzuna izaten ari dela batean eta bestean. Hala ere, oraindik, herri batzuetatik kezkaz esaten digute, egundoko lanketa egin arren, aurreiritziek indar handia dutela, eta etorri berrien seme-alabei, askotan, gazteleraz egiten dietela herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek euskaldunak direla nabarmendu nahi dugu. Eta, beraz, herritar horiei ere euskaraz hitz egiteko eskatu nahi diegu gainerako herritarrei kanpaina honekin".