Albisteak

Atzealdea

XVI. Babarrun festa herrikoia ospatuko dugu larunbatean

Aurtengoan, euskararen egunarekin batera ospatuko dugu eta egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek.

2016·11·30


Aurtengo Babarrunaren festa berezia izango da Ibarran, aldaketa ugarirekin baitator. Baina batez ere, euskararen egunarekin bateratuta ospatuko baitugu. Aurtengoan gainera, larunbatez izango da festa eguna, egun osoko egitaraua osatzeko aukera eskaintzen duelarik. Hala, Gazte asanbladarekin batera, plazan hasiko den jaiak, Gaztetxean izango da amaiera.

Onintza Aranalde Hauspoa elkarteko kidea eta beraz, antolatzaile taldeko kideak kontatu bezala, “ Lehen aldiz 2000. urtean egin genuen Babarrun Janaren festa. Bigarren urtean, San Martin eguna zen, eta urte horretan, gure herriko tradizioak berreskuratu asmoz, txerri festa ospatu zen. Oso egun berezia izan zen. Aurten beraz, 16. urtea izango dugu, ez da kopuru makala, kontutan izanik, zenbat lan duen eta zenbat jende mugitu behar den eguna osatzeko.”

Urtez urte, ekimen desberdinak gehitzen joan da eguna eta Onintza Aranaldek dioen moduan “Pixkana pixkanaka, jendea egun hau barneratzen joan da, eta babarrun lehiaketaren kasuan adibidez, bikote kopurua igo egin da urtez urte, aurten VII.a dugularik. Gainera, azken urteetan Sagardo ateratze txapelketa ere txertatu genuen eta honek ere bizia eman dio festari, aurten, IV.a izango dugu. Bazkaltzeko ere, iaz kopurua dezente igo zen, eta aurten, larunbata dela kontutan hartuta, eta eguna erabat bete dugula ikusirik, parte hartzea ere handiagoa izango dela espero dugu.”

Urtez urte osatuagoa den festa egun hau antolatzeko, antolatzaileak ere geroz eta gehiago izaten ari dira. “Antolatzaile aldetik ere, ez gara kexatuko, beti lortzen dugu esku bat botatzeko prest dagoen herritarra eta hori ere eskertzekoa da, denon artean egiten ez badugu, ezin baitira horrelako antolaketak aurrera atera. “ dio Aranaldek.

Egunean zehar ospatuko diren ekimenetan modu batean edo bestean antolaketa eta laguntzaile moduan herriko elkarte asko arituko dira Hauspoa elkartearekin batera. Hala nola, IK korua, Alurr dantza taldea, Auzoko, Ibarrako merkatarien elkartea, Ibarrako Gazte Asanblada eta Ibarrako Udala.

Ibarrako Udaletik, herritarrak aurtengoan ere festan parte hartzera animatzen ditugu, gure herriko euskal tradizio eta kulturaz elkarrekin goza dezagun.