Albisteak

Atzealdea

Uztularre auzo elkartearen lehen pausoak

Izaskungo auzo elkarteko Joxean Zubelzu Olariagarekin elkarrizketa

2017·01·26


Joxean Zubelzu Olariagarekin elkartu gara, Uztularre Izaskun auzo elkartearen berri izateko asmoz. Elkartea osatzeko urtebete inguruko ibilbidea egin ondoren, azken lege tramite batzuen zain daude orain, elkarte izaera jasotzeko. Izena, berriz, Izaskunen bertan dagoen larre batek eman dio, Uztularre.

Zubelzuri Uztularreren zergatia galdetzean, elkarte izaerak auzotarrak antolatzen laguntzen duela dio: “Lehen, herritarrek zituzten beharren inguruko eskaerak bakarka burutzen genituen. Baina auzo izaera edukita, ba, taldean, elkarte moduan joan gaitezke Udaletxera edota beste edozeinengana gure beharren berri ematera edo edozein modutako laguntza desberdinak eskatzera.

Helburu nagusia, auzoko bizi kalitatea hobetzeko da. Ze behar dituen auzoak, izaskundarrek eta auzoko jendea ere elkartzeko arrazoia du elkarte honek. Eskaerak-eta egiteko modu formalago eta antolatuago bat eskaintzen digu era honetara.”

Izaskun auzoan bizi diren guztiei zabaldutako bilera hauetara 20 lagun inguru elkartzen dira. Auzotarrek elkarteari harrera ona egin diotela adierazi digu Joxeanek, eta beraz, gustura daudela. Iaz bilera batzuk egin zituzten, eta euren asmoa aldian-aldian biltzea da. Gabon aurretik, Ibarrako udaleko kideekin ere bildu ziren eta jarraipena egiten joateko, aldizkako bilerak hitzartuta dituzte.

Elkartea, hasiera honetan lehentasunak zehazten hasi dela esan digu Uztularreko kideak. Hala, beharrezkoenak diren helburuei eutsiko diete: “Izaskungo auzotarrek Ibarran dituzten buzoien kokapena ez da egokiegia eta hori aldatzea nahiko genuke eta bestetik, bideetan dauden zuloen konponketak ere taldean hitz egin eta hala adierazi nahi ditugu”

Luzera begira ere, badituzte helburu batzuk zehaztuta, dagoeneko Ibarrako Udalarekin hitz eginak daudenak: “Betidanik, auzoan aterpe baten beharra ikusi izan dugu, frontoi bat izan daitekeena. Izan ere, auzoan ez dago aterperik eta jaietarako zein urtean zeharrerako ere beharrezkoa den zerbait dela uste dugu.

Bestetik, baserrietatik goraka joaterakoan, Tolosatik datorren errepidearekin batzen den tokian, aldapa motz baina pikoa dago, eta bidegurutze hori ondo jartzea komeni dela uste dugu, biribilgune txiki batekin edo.”

Elkarte moduan, Uztularrek ere proposamenak egiteko asmoa du. Hala, Izaskunera jende asko gerturatzen denez, hauei eskaintza bat egitea pentsatuta dute dagoeneko. Auzoan zehar, eurek dakizkiten ibilbide batzuk markatu, seinalizazioa eman eta bisitariei ere eskaini nahi dizkie. Era honetara, eskaintza zabalduz, martxa berri bat edukiko duelarik Izaskunek.

Hasi berria duen bide honetan, Uztularre auzo elkarteak dagoeneko asmo eta eginkizun ugari ditu. Baina Joxeanek adierazi digunez, lege tramiteak amaitzean eta jada elkarte izaera legala dutenean, aurkezpen ofiziala egingo dute.